Ezerezetik sortutako ikastola da Argantzungoa. 2001. urtean herriko erdal eskola itxi eta jarraian hasi ziren proiektua martxan jartzen. Bi urte beranduago zabaldu zituen ateak Argantzun ikastolak; zehazki, 2003ko urriaren 27an. Ordura arte matrikulatu barik edo beste haurtzaindegian egondako hamaika familiekin ekin zion ibilbideari, urtebete eta bi urte artean zituzten umetxoekin. Euskal Herriko bestelako ikastoletan bezala, Trebiñuko barrendegian kokatutako honetan ere oso baliabide gutxirekin hasi ziren lanean. Hasierako instalazioek, esaterako, 60 metro karratu baino ez zituzten. Eta irakasleei dagokionez, antzera; bi irakasle bakarrik zeuden 08:00etan hasten zen eta 18:00ak arte luzatzen zen ordutegi amaigabea betetzeko.
Baina baliabideak urriak izanda ere, bigarren ikasturterako txiki geratu zen ikastola eta Argantzungo Udalak utzitako hainbat gelatan gora eta behera ibili behar izan ziren, ahal izan zuten moduan. Batetik, oihal baten laguntzaz, bi gelatan banatu zuten beheko solairuko gela bat; eta psikomotrizitate gela hirugarren solairura igo zuten, hango lurra egurrezkoa zela aprobetxatuz. Egoerak hala eskatuta, gainera, hirugarren irakasle bat heldu zen Argantzunera.
42 ikasle eta 7 irakasle
2006an gaur egungo eraikina inauguratu zuten, eta Haur Hezkuntza zikloa osatzean, 40 ikasle izatera iritsi zen ikastola. Aurtengo ikasturtera arte, kopuru horri eutsi diote, 40 eta 50 bitarteko haurrekin; amaitzear dagoen ikasturtean, esaterako, 42 ikaslek eta zazpi irakaslek osatzen dute ikastola txikia. Irailean, baina, Lehen Hezkuntza abian jartzearekin batera, nabarmen egingo du gora kopuru horrek; aurreikuspenen arabera, 60 neska-mutil inguru izango ditu eta.
Datuak positiboak baldin badira ere, Argantzun ikastolatik askotan ohartarazi dute oso zaila izan dela hamabost urteotan esandako egitasmoa bizirik mantentzea, eta "Trebiñu Araba da" erraz esaten bada ere, denbora tarte horretan argi geratu dela Trebiñu, oraindik, ez dela Araba. Gogorarazi dute bertan euskara ez dela ofiziala eta ikastola ez dela Jaurlaritzako zerrendetan agertzen, horrek dakarrenarekin. Eta Burgos eta Euskal Autonomi Erkidegoaren artean sinatutako hitzarmenetan aurreikusitako baliabide asko eta asko oraindik ere ez direla Trebiñura heldu. "Eta horrek guztiak asko zailtzen du halako proiektu baten biziraupena", nabarmendu dute. Gauzak horrela, Lehen Hezkuntza Araban ezartzea erabaki dute; Manzanoseko gizarte etxean emango dituzte hasiera batean eskolak. Behin behineko neurria da hori, bi urtetan nahi dutelako prest izatea eraikin berria, herri berean.
Traba administratiboak eta ekonomikoak alde batera utzita, alde on asko ere baditu Argantzun ikastolak. Esaterako, ikastola txikia izatearena, Trebiñun zein Araban. Batean zein bestean egiten da haurren jarraipen hurbila; horien ikaskuntza esanguratsua bultzatzen dute esperimentazioa, jolasa eta mugimenduaren bidez. Aldi berean, beharrizan emozionalak asetzeari, autoestimua nahiz autonomia aberasteari eta adin ezberdinetako haurrak elkar nahasteari garrantzia handia ematen diete. Horrez gain, familiekiko gertutasuna ere funtsezkoa da.
Hirugarren aldiz Argantzunen
1981. urtean, lehen aldiz Araba Euskaraz egin zenetik, bi bider antolatu da Argantzunen. Lehena, 2001. urtean izan zen, ikastola oraindik ere proiektua zenean; Hazteko erein lemapean ospatu zen orduan. Bigarrena, 2007an izan zen. Kasu horretan, Garenaren jostun leloa aukeratu zuten. Hirugarrenez hartuko du festa Aurten, Irrikitan izenburupean. Askotarako da erabilgarri lelo hori: tartean, Lehen Hezkuntza martxan jartzeko, Trebiñu Araba ofizialean sartzeko, metodologia eta lan egiteko moduetan sakontzen jarraitzeko, euskara bultzatzeko, berdintasunean gozatzeko, oztopoak eta mugak gainditzeko, herriaren parte izan eta umeek jolasten ikasteko irrikan.