Araba Euskaraz 2018

"Hanka bat ez badugu Arabara ateratzen, itxi beharko dugu ikastola"

Mirian Biteri 2018ko eka. 15a, 09:00

Argantzun ikastola martxan jarri, eta handik urtebetera hasi zen bertan lanean Saioa Urizar irakaslea.

Ikastetxearen zein Trebiñuko errealitatearen eta igandean ospatuko den festaren berri ematearekin batera, etorkizunera begira esku artean dituzten erronkez ere hitz egin du.

Zenbat denbora daramazue igandeko festa antolatzen?

Urtebete. Oso gutxi gara ikastolan, eta kosta egin zaigu, baina iristear dago eguna. Egunerokoan nahikoa lan dugu; umeekin dagozkigun orduak sartzeaz gain, bestelako zereginetarako ere denbora atera behar dugu. Hortaz, lan asko egin behar izan dugu azken hilabeteotan.

Horren langile gutxi izanda, Argantzun ikastolaren kasuan gainerakoetan baino beharrezkoagoa izango da boluntarioen laguntza, ezta?  

Ezinbestekoa da, bai. Oso gutxi gara eta ikastolako familien laguntzaz gain, bestelakoena ere beharrezkoa da; betiko moduan, lagunengana eta ingurukoengana jo dugu, eta Euskal Herriko gainerako ikastolekin ere jarri gara harremanetan eta etorriko dira. Hala ere, beti datorkigu ondo edozeinen laguntza, eta boluntario gisa jardun nahi duenak ikastolara baino ez du deitu behar.   

Dagoeneko guztia dago lotuta?

Gehiena bai. Orain gehien arduratzen gaituena eguraldia da. Hirugarren gunearekin arazoak ditugu zelaiaguztiz lokaztuta dagoelako eta zer egin aztertzen gabiltza. Horrek egitarauan izan du eragina, hainbat ekitaldi tokiz aldatu behar izan ditugu. Baina, iganderako dena egongo da prest.

Bestalde, zertara bideratuko duzue festak utziko duen etekin ekonomikoa?  

Diru horrekin Lehen Hezkuntza hartuko duen eraikina egiten hasiko gara. Baina gure helburua ez da bakarrik etekin ekonomikoa ateratzea: Araban presentzia izan nahi dugu, jendeak jakin dezala ikastola non dagoen eta ezagutu dezala Trebiñuko errealitatea. Horri ematen diogu garrantzia gehien.

Eta zein da bertako errealitatea?

Argantzun ikastola Trebiñun kokatuta dagoen ikastola txikia da. Trebiñu Arabako bihotzean badago ere, oraindik ere Burgosko administraziopean kokatuta dagoen lurraldea da, horrek dakarren traba administratiboekin. Ikastola Trebiñun euskararen presentzia bermatzeko sortu zen, eta martxan jarri zenetik egonkortasuna lortzen ahalegindu bagara ere, ikusi dugu ekonomikoki trabak baino ez ditugula. Gure abestiak ederki asko azaltzen du egoera: "bideak asmatzera goaz trabak aurkitu bakoitzean". Hamabost urte daramatzagu horrela. Oso nekagarria da.

Zein da Burgosek ikastolarekiko duen jarrera?

Ateak itxi dizkigute. Bere garaian, Burgosko administrazioan saiatu ginen baimen bat lortzen ekonomikoki bultzadatxo bat jaso nahian, eta argi eta garbi utzi ziguten beraiei ez zaiela interesatzen Trebiñun euskarazko eredua egotea. Umeak Trebiñuko Konderriko eskola publikora eramateko gonbitea ere egin ziguten, autobusak debalde jarriko zizkigutela; baina bertan euskarak ez du inongo tokirik. Horrelakorik ez zaigu interesatzen, gure ikastolaren eta euskara beraren presentziaren desagerpena ekarriko luke eta.  

Eta Arabako Diputazioak, bitartean, zer dio?

Araba ondoan badaukagu ere, debeku bat dago dirua bertan sartzeko, eta ez dago modurik. Bi hegoak moztuta ditugu, ez batetik eta ez bestetik.

Debekua badago ere, egongo da ba egoera horri buelta emango dion aukerarik?

Hori da guk pentsatzen duguna, borondate kontua dela. Egia da badagoela debeku bat, baina traben aurrean bideak bilatu behar ditugu, eta hor borondatea sartzen da. Orain arte, legalki, euskara sustatzea helburu duen diru laguntza bat jaso dugu: Eusko Jaurlaritzak Argantzungo Udalera laguntza bat bideratu du eta horren bitartez heldu zaigu guri. Baina ez da nahikoa, hasteko ere ez digu ematen. Hala eta guztiz ere, beti gaude laguntza horren esperoan, eta borroka asko egin dugu eta egingo dugu aurrerantzean ere hori lortzeko.

Aipatutako egonkortasun hori bilatu nahian, proiektu berria duzue esku artean, ezta?

Bai. Ikastola handitzeko eta Lehen Hezkuntza jartzeko aukera suertatu da, baina mugaz bestaldean; hanka bat Arabara atera behar izan dugu halabeharrez.  Lehen Hezkuntza hartuko duen eraikina egiteko asmoa dago, Manzanosen. Dena dela, argi utzi nahi dugu ez goazela Arabara nahi dugulako, baizik eta beste irtenbiderik ez dugulako. Hori horrela, argi utzi nahi dugu Argantzun ikastolaren bihotza Trebiñun mantenduko dela. Ea bi lurraldeetan egonda ikastola elikatzeko aukera lortzen dugun; eta horretarako laguntza guztiak izango dira ongietorriak.

Kritikak jaso al dituzue erabaki hori hartzeagatik?

Bai. Batzuek esan digute ez daudela horrekin oso ados. Baina, uste dugu gure errealitatea ezagutzen duen edonork ulertuko duela. Trebiñun bakarrik egonda ezin dugu mantendu ikastola; lehentasuna euskara bermatzea da, eta hanka bat ez badugu Arabara ateratzen, ikastola bera itxi beharko genuke. Behartuta gaude eta hori da oraingoz daukagun aukera bakarra.

Trebiñun euskararen presentzia bermatzea. Hori da orduan ikastolaren helburu nagusia...

Bai. Umeak euskalduntzen dira bertan; kontuan hartu behar da kasu askotan haurrek euskararekin duten lehen kontaktua dela ikastola. Umeez gain, gurasoak ere euskaran eta euskal kulturan murgiltzen hasten dira, eta, zenbait kasutan, hizkuntza ikastera ere animatzen dira. Gainera, ikastolan ez ezik, Txingoka kultura elkartea ere badago, eskolaz kanpoko ekintzak eta antolatzen dituena. Herriko beste hainbat eragileekin batera, presentzia hori bermatzen ahalegintzen gara.

Ikasle guztiak Trebiñukoak dira?

Gehienak bai. Batzuk Trebiñuko Konderritik eta inguruko herrietatik datoz eta Argantzungo ume dezente ere baditugu. Azken urteotan, gainera, Gasteiztik ari dira gero eta ume gehiago etortzen, bereziki eskaintzen dugun metodologiagatik eta ikastola beraren ezagugarriengatik. Horren barne, guretzako ezinbestekoa da familiak proiektu honen parte sentitzea.

Orain arte bost urtera arte baino ezin izan dira egon Argantzun ikastolan. Handik nora jotzen zuten?

Asko Langraizera joaten dira. Baina, beraien euskara mailak nabarmen egiten du behera, eta, horrez gain, ikastetxea berak eta metodologiak ez dauka zerikusirik gurearekin: eskola handia da, eta beste metodologia mota bat dute.

Aukera berria izango dute irailetik Manzanosen...

Hala da. Oraingoz, 23 ikaslerekin goaz hara. Lehen Hezkuntza martxan jartzeak matrikulazioaren gorakada ekarri du. Egonkortasuna ematen dio proiektuari, ez dira joan behar beste toki batera, eta gurean geratzen dira. Manzanoseko gizarte etxean hasiko gara irailean, baina asmoa da eraikin berria egitea. Lurra egokitzen hasi dira, eta espero dugu ahalik eta azkarren hastea eraikitzen. Aurreikuspena da bi urtetan izatea prest eraikina.

Iganderako gonbidapen berezirik?

Noski baietz. Jendea Argantzunera etortzera animatu nahi dugu, irrikan gaude mugak gainditzeko, irrikan gaude trabak gainditzeko eta Trebiñun euskara bizirik mantentzeko. Hori da eta helburua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago