Erroten harrietarako harrobirik hoberenak izan dira historian zehar Trebiñu aldekoak; XIX. mendean, esate baterako, Iberiar Penintsula osoan ospe handia zuten. Bizkaian, Nafarroan eta Espainia aldean –Errioxan, Aragoin eta Burgosen– saltzen zituzten Trebiñuko harri ospetsuak. Ines Sainz Azuelok idatzi zuenez, 1801. urtean, Nafarroako Mendabiako kontzejuak "278 erreal eta 30 marabedi" ordaindu zizkion Fausto Duranari Trebiñutik eraman zuten errota-harri berri baten truke.
1896. urteko biztanleen erroldan, jaso dutenez, harrobiak zeuden honako herri hauetan: Albainan, Aranan, Armentian, Samianon eta Torren. "Torreko harriak" bezala ezagunak baziren ere, Armentia, Arana eta Torre arteko mendietan lantzen zituzten eskualdeko harginek errota harriak. Jardunean egon den azken harrobia Aranatik gertu, Atxuri izeneko eremu batean, dagoena izan da; Valencia abizeneko nafar familia batek landu zuen urteetan, eta 1962. urtean atera zituzten bertatik azken harriak.
Harginek egindako lanagatik ez ezik, alde artistikoan utzitako ondareagatik ere ezaguna izan da herri txikia. Horren lekuko dira, esate baterako, Aranako Taulak; XIV. mendeko pintura gotikoaren ereduari jarraituta eginiko erretaula ikusgarriak dira.Gaur egun, Trebiñuko San Pedro parrokian daude, Aranako eliza erdi eraitsirik baitago. Artzainen iragarpenaren eszena bat irudikatzen dute; irudiaren ezkerreko artzainak txirula bat jotzen duen bitartean, aingerua beste artzainarekin hizketan ari da, eskuarekin mezua jaso duela eta entzuten ari dela adierazten dion bitartean. Gurutzeen grabatu ugari ere jaso dira bertan. Adituen esanetan, Aranako Taulak Nazioarteko Gotikoaren eredu bikainak dira; oraindik ikertzen ari dira margolana, egitura desmuntatu zutenean beste pintura batzuk aurkitu zituztelako atzekaldean.
Fitxa:
Kuadrilla: Trebiñu.
Udalerria: Trebiñuko Konderria.
Biztanleak: 1 (2017ko INEren datuen arabera).
Bitxikeria: 1960. urtera arte mahastiak hazten zituzten eta ardoa egiten zuten, batik bat etxean kontsumitzeko.