San Prudentzio 2018

Trebiñuko Argantzun ikastolan ere, San Prudentzio

Trebiñuko Argantzun ikastolan ere, San Prudentzio

Trebiñuko Argantzun ikastolan ere San Prudentzio ospatu dute, abesti propio eta guzti. Bizitakoa kontatu dute ALEAn. 

Argantzun Ikastolaren kronika:

Aurreko egunetan entseguak burutu ondoren, apirilaren 27an haur eta irakasleak sukaldari-txano, amantala eta danborren laguntzaz Herriko Plazara hurbildu ziren berriz ere Prudentzio Deuna bezpera zela ospatzeko.

Goizeko hamaiketan, lan eguna izanik Ikastolara gerturatzeko aukera izan zuten familiekin batera irten ziren herriko plazarantz berrogeitik gora ikasle eta zazpi irakasle.

Udaletxeko soinu ekipoa martxan zebilen iritsi zirenean, egun berezia zela adieraziz. Bafleetatik, danbor soinuak ozen entzuten ziren haurrak bertaratu zirenean. Ondoren, plaza erdian borobil handi bat osatuz, haiek izan ziren protagonista, irudi ederra osatu zutelarik haur guztiek danborra joaz.

Horrez gain, kantatzen aritu ziren, Prudentzio Deunaren erretretaren abestia haien erara moldaturik. Hauxe da Argantzungo Plazan guraso, irakasle eta gurasoen ahoetatik entzun zen bertsioa:

"Ttunttunarekin danborren soinua

Gaur ospatzen da Prudentzio deuna.

Trebiñun eta Argantzunen ere

Berezia da gaurko eguna.

Txokolatea eta bizkotxoak

Pozik jango dituguna"

Danborrada amaitzean, kantuak dioen bezala, txokolate eta bizkotxoen ordua iritsi ziren. Haur eta helduak festaz gozatzen ibili ziren elizako kanpandorreak hamabiak jo zituen arte.

Orduan, pixkanaka ikastolarako bidea hartu zuten gehienek, bazkaldu ondoren, ostiral arratsaldero egiten duten moduan, igerilekura joateko asmoarekin.

Egun  borobila izan zen, beraz, beste behin, Trebiñun eta Argantzunen ere, Araba osoan bezala, Prudentzio deuna ospatzen dugula lau haizetara zabaltzeko eta festa egun hau aldarrikapenerako ere aprobetxatuz!

Hurrengo zita ekainaren 17an dugu, Araba Euskaraz Egunean. 

Jadanik "Irrikitan” gaude!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide