Lañuko fosilek dinosauroen ehiza estrategiak azaleratu dituzte

Juanma Gallego 2018ko api. 26a, 19:00
Dinosauro teropodoek harrapakina hartu eta haragia urratzen zuten. / Sydney Mohr. Current Biology

Adituek uste dute teropodo haragijaleek txoko ekologikoak partekatzen zituztela, harrapakin mota desberdinak jomugan zituztelako.

Lañun topatutako Kretazeo berantiar garaiko dinosauroen arrastoek (duela 100-66 milioi urte ingurukoak) bidea eman diete ikertzaileei desagertutako animalia hauen inguruko elikadura eta ehiza estrategiak hobeto ulertzeko. Current Biology aldizkarian gaur argitaratutako ikerketa baten arabera, teropodo motako dinosauro haragijaleek antzeko moduan kosk egiten zuten, baina, ezinbestean, harrapakin desberdinak izan behar zituzten jomugan. Kontuan izan behar da, gainera, toki eta garai berean bizi izan zirela espezie hauek, eta, hortaz, txoko ekologiko desberdinak izan behar zituztela.

Ondorio honetara iritsi dira ikertzaileak, desagertutako animalia hauen hortzen analisiari esker. Errioxako Unibertsitateko Angelica Torices paleontologoak gidatu du ikerketa. Adituak ALEAri azaldu dio guztira 57 hortz aztertu dituztela. "Horietatik, hogei bat Lañuko dinosauroak dira. Bertan sei espezie haragijale topatu dira". Lañuko arrastoekin batera, Huescako, Lleidako eta Kanadako fosilak ere aztertu dituzte.

Toricesen azalpenaren arabera, dinosauro haragijale hauen hortzak haragi aizto baten antzera funtzionatzen zuten, eta zerra baten itxura zuten. "Baina zerra horretako hortzak hiru forma desberdinetan azaltzen dira: biribila, zizta itxurakoa eta kakoduna. Nire buruari galdetu nion ea zergatik dauden hiru hortz mota horiek". Kosk egiteko modua ikertzeari ekin dio, eta emaitza garbia atera du: "dinosauro horien hortzak edonolakoak izanda ere, guztiek berdin kosk egiten zuten. Funtsean, guztiek harrapakinari heltzeko eta haragia urratzeko patroi berdina jarraitzen zuten". Hortik ondorioztatu du, halabeharrez, harrapakin desberdinak jomugan izan behar zituztela dinosauro hauek.

Hozka egiteko modua ikertzeko, fosiletan geratu diren narriadura markak aztertu dituzte. Bizirik dauden dinosauroen faltan, Komodoko dragoiaren indarraren parekoa erabili dute simulazioetan. Fosilak eskaneatu eta hiru dimentsioko eredua sortu dute. Horri esker ikusi dute kosk egiteko orduan 30-40 graduko angelu optimo batean hortz mota guztiak ondo moldatzen zirela, baina angelu hori gaindituta aldeak agertu ziren.

"Itxura biribila duten hortzak edozein angelutan kosk egiteko gai dira, baina kako itxurako hortzek, angelu optimotik aterata, estres asko nozituko lukete. Horrek muga bat suposatzen du elikatzeko orduan". Paleontologoaren ustez, hotz biribilak zituzten dinosauroak asko mugiten ziren presak ehizatzeko gai ziren; edo haragi gogorragoa zuten harrapakinak eskuratzeko aukera zuten, bederen. Kako itxurako hortzak zituztenak, berriz, presa txikiagoak, bigunagoak edo hainbeste mugitzen ez zirenak harrapatzeko aukera izango zuten. "Horrek iradokitzen du haien arteko lehiarik ez zegoela".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide