2017an esparru akordioa izenpetu zuten Aldundiak eta Burgosko Diputazioak, beren arteko lankidetza harremanak modu sistematikoan jorratzeko helburuarekin, Trebiñuko enklabeko bizilagunei zerbitzuak emateko baldintzak hobetze aldera. Orain, Arabako Aldundiak onartu du zazpi arlotan lankidetza hitzarmenak izenpetzea Burgosko Diputazioarekin, eta honen erantzunaren zain dago auzia ixteko.
Hitzarmenak honako arlo hauetan egingo dira: Babes zibila eta larrialdien arreta, bereziki suteen prebentzio, itzaltze eta salbamendua; adineko, ezindu eta mendekoen gizarteratzea eta gizarte arreta; genero indarkeriaren aurkako borrokako eta berdintasun arloko politika publikoetako protokoloak eta koordinazio; Trebiñuko udalek sustatutako ekipamendu eta azpiegituretako elementu txikiak onik zaintzeko, mantentzeko eta zaharberritzeko proiektuak; Trebiñun kultura, hezkuntza eta irakaskuntza arloko jarduerak sustatzea eta euskararen normalizazioa; Trebiñuko udalek sustatutako arte ondasun kalifikatuak edo kultura babesteko sistemek babesten dituztenak onik zaintzeko, mantentzeko eta zaharberritzeko proiektuak; eta Trebiñuko udalek edo sozietatearen egoitza enklabe horretan duten elkarteek bultzatutako gazteriaren arloko politika publikoetako proiektuak eta jarduerak sustatzea.