Herriko arkitekturari erreparatuta, San Martin eliza dugu, harri larrosa politarekin eraikitako absidea duena. Elizaren erlaitzean erliebe geometriko xume batzuk ikusi daitezke, eta ez dira falta gai zoomorfoak, hala nola, arrain bat, bi hegazti kaliza batetik edaten eta animali ezezagun baten burua.
Egun hustuta dauden hainbat herrixka izan ziren Sanmartinzar inguruan. Gertuen dagoena Caricedo da, eta bertan hainbat eraikinek zutik irauten dute. Gerardo Lopez de Gereñu ikerlariak Mortuorios izeneko liburuan jaso duenez, XIII. mendean Trebiñuko artzapez barrutian aipatzen da Caycedo lekua, eta Pascual Madozen idatzietan esaten da 1846. urtean sei etxe eta hamalau bizilagun zituela Caricedok. Javier Roa, Trebiñuko bizilagunaren esanetan, XX. mendeko 50. hamarkadan pertsona bat bizi zen Caricedon, Trebiñun esnea saltzen zuena.
Sanmartinzar eta Dordoniz artean, berriz, Dosso izeneko herri bat zela jasotzen dute 1257. urteko idatziek. XV. mendearen inguruan hustu ei zen eta egun, inguruko herriek partekatzen dute antzinan herri horri zegokion San Andres baselizaren kultua.
Husturiko herrien lekuko izateaz gainera, Neolito aroko informazio garrantzitsua gorde du Sanmartinzarrek. Hala, 2007. urtean EHUko arkeologoen talde batek, San Quilez izeneko tokian, Neolito aroko hileta-tumulu bat aurkitu zuen, eta orain dela 5.000 urte eraikita zela frogatu zuen. Bertan aurkitu zituzten gorpuzkiak Trebiñuko zaharrenak dira. San Quilezko hileta-tumuluak Euskal Herrian ordu-arte ezagutzen ez zen hileta errito baten berri ezagutzeko aukera eman du.
Kuadrilla: Trebiñu.
Udalerria: Trebiñuko Konderria.
Biztanleak: 7.
Bitxikeria: San Juan egunean sendabelarrak jasotzen zituzten Sanmartinzarren, batik bat intsusa eta malba.