Armentia Trebiñuko bentatik Urizaharrera doan bidean aurrera joanez gero, eskuinera desbideratu behar da, San Martinzar eta Billa Tobera herrietara seinalatzen duen bidexka hartuz; bi herrien artean dago Taravero. Erdi Aroko etxe dotore bat eta San Miguel eliza erromanikoa dira eraikin deigarrienak. Halaber, erdigunetik aldenduta txalet moderno bat ikusi daiteke. 2013. urtean Gaztela eta Leongo Eraikuntza Iraunkorraren saria irabazi zuten Nerea Otadui eta Ricardo Aristizabal arkitektoek eraikinaren diseinuagatik. Material naturalarekin eta aurrefabrikatuekin egin zuten eraikin bioklimatikoa. Aisialdiaren aldetik, elkargune egokia da Taravero, Cerro mendira igotzeko; 900 metrotik konderriko ikuspegi zabala gozatuko dugu. Estreinako aldiz Kalagorriko apezpikuaren 1257ko gutunean dokumentaturik dago herria, Taravero grafiarekin, egun bezala. Roberto Gonzalez de Viñaspre euskal filologo eta euskaltzain urgazleak jaso du Trebiñu aldeko eremu zehatz horretan, Rojo ibaiaren arroan gora, badagoela zantzurik Leongo erreinuaren orbitako birpopulatze-fenomenoren bat gertatu izan zela uste izateko. Hala ere, ustezko etorri demografiko horren ezaugarriak eta eragin zitzakeen ondorio sozial eta linguistikoak ikerkizun dira oraindino. "Erdi Aroko mugimendu demografiko horren balizko erakusgarri bat Taravero herriaren izena da. Asturiasko Benia de Onis udalerrian Talavero auzoa dago ere (Talaveru asturieraz). Trebiñu aldeko Taravero herriaren izenetik oso gertukoa, bistan denez. Hartara, Trebiñu aldekoak euskararen testu zaharrenetatik ohikoa den bokale arteko -l->-r- bilakaera izan duela ematen du".