Agiluko eta Marauriko artadiak ezagutarazteko txangoa antolatu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko urtarrilaren 17a

Aldaiako sakana ezagutuko dute txangoan parte hartzen dutenek.

Agiluko eta Marauriko artadiak ezagutarazteko txangoa antolatu du Fauneando taldeak igande honetan, Trebiñuko Udalaren laguntzarekin.

Ibilbidearen bitartez inguruko landareak, animaliak, etnografia eta toponimia ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Hilabetean behin Trebiñuko ingurumena ezagutarazteko txango bat antolatuko dute Fauneando taldeak eta Udalak, eta asteburu honetan egingo dute lehena. "Aldaiko sakana zeharkatuko dugu, putzu ederren artean; eta ehun urtetik gorako arteak eta haritzondoak ezagutuko ditugu" azaldu dute.

Hitzordua 10:00etan da, Agiluko elizan, eta 13:00etan aurreikusi dute itzultzea. Hamar urtetik gorako lagunentzat da txangoa eta bi euro ordaindu beharko dituzte helduek; hamalau urtetik beherakoentzat doan izango da. Izena emateko Trebiñuko Konderriko Udalera deitu behar da.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago