Hitz gogorrak entzun behar izan dituzte Arabako Batzar Nagusietan Trebiñuko ordezkari politikoen aldetik. Maria Eugenia Galarreta Trebiñu Araban integratzeko batzordeko buruak eta Maria Elena Ramirez Trebiñuko alkateak oso balorazioa ezkorra egin dute, udaberrian, Arabako eta Burgoseko diputazioek sinatu zuten zerbitzuen hitzarmenaren inguruan.
Akordioa ezerezean gelditu dela salatu du Galarretak, eta ez duela balio. Izan ere, hitzarmenari jarraituz, Trebiñuko udalek hartu dituzten hainbat erabaki errekurritzen ari da Gaztela eta Leongo Junta: "Hitzarmena kalterako da; udal osoko bilkuran erabakiak hartzen ditugu eta epaitegietara jotzen du Valladolidek. Iritsiko da egun bat non hitzarmenean oinarritutako akordio bat onartzeagatik arazo larria izango dugu epaitegietan. Itotzen ari dira, eta ez zaigu gustatzen zanpatuak izatea".
Hortaz, Galarretak galdetu du: "Zertarako balio du hitzarmenak? Arabako diputatu nagusiak argazkia egiteko? Hitzarmena sinatu baino lehen hobeto geunden; hobeto geundeke kasurik egingo ez baziguten".
Halaber, Elena Ramirez alkateak zalantzan jarri du benetan Arabako Diputazioak Trebiñu zortzigarren kuadrilla bezala tratatzen duela: "Hitzarmena sinatuta dago baina ez ditugu zerbitzu gehiago; orain dela hogei urte genituen zerbitzu berdinak ditugu. Ikusten dugu, gainera, aurrekontuak murriztu egin dituztela, partidak gero eta txikiagoak dira. Ez gara zortzigarren kuadrilla".
Diputazioak balioa eman dio hitzarmenari
Bere aldetik, Arabako Diputazioak hitzarmenaren balioa berretsi du. Izan ere, Pilar Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatuak iragarri du Aldundiko eta Burgosko Diputazioko hainbat kide atzo bildu zirela Gasteizen, hitzarmenaren inguruan hitz egiteko: "Badaramagu urte erdi baino gehiago posturak hurbiltzen eta jarrerak zehazten, erabakian jasorik dauden hamahiru arloetan; orain, gutxi gelditzen da zehazteko, baina ziur nago lagunduko dugula trebiñuarrek eskura izan ditzaten Arabako Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzu publikoak".