2018ko Araba Euskaraz jaiaren aurkezpen ofiziala egingo dute hurrengo asteartean, hilaren 28an, Gasteizen. Halaber, abenduaren 1ean, Argantzunen bertan, ikuskizun berezi bat antolatu dute jaiaren prestaketari buruzko zehaztasunak herritarrei emateko.
Ekainaren 17an ospatuko da jaia, Argantzon Ikastola laguntzeko asmoarekin. Eta dagoeneko Argantzon Ikastolan materialaren salmentarekin hasi dira. Hala, astelehenero, 15:00etatik 17:30ak arte Araba Euskarazeko denda zabalik dago ikastolan bertan. Halaber, iragan urrian Izarrako azokan egin zuten bezala, hurrengo hilabeteetan Arabako hainbat txokotara hurbilduko dira trebiñarrak materiala banatzeko asmoarekin.
Leloa aukeratu dute
Irrikitan izango da 2018an Euskal Herriko ikastolen federazioen jaiak izango duen lelo nagusia: "Berdintasunean gozatzeko, mugak gainditzeko, bidea egiteko, ikasten jarraitzeko irrikitan".
Arabako ikastola txikiena da Argantzon eta duela hamahiru urte ireki zuen guraso talde batek. Haur Hezkuntza eskaini du orain arte, baina Lehen Hezkuntza ere emateko asmoa du. Horretarako alboko Manzanos herrian irekiko dituzte gela berriak. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren baimenaren zain daude egitasmoa behar bezala martxan jartzeko.