Burgosko Epaitegiak bertan behera utzi du Trebiñuko Udalak Arabarekin zerga-bilketa egiteko zuen asmoa. Auzitegiaren erabakia errespetatzearen alde egin dute Elena Ramirez alkateak eta hiru zinegotzik, eta beste bi abstenitu egin dira. Beraz, auzitegiaren erabakia onartu eta atzera egingo du Udalak.
Alkateak adierazi duenez, auzitegiaren ebazpena ez betetzeak ekar dezakeen zigorra kontuan hartu dute erabakia hartzeko orduan; hain zuen, edozein kargu publiko hartzeko sei hilabete eta bi urte arteko erabateko gaitasungabetzea.
Arabako Diputazioarekin zerga-bilketa egiteko erabakia hartu zuen Trebiñuko Udalbatzak 2015. urteko abenduan, eta berehala jo zuen Gaztela eta Leongo Juntak Burgosko Auzitegira. Erabakia errekurritu zuen bere eskumenak "inbaditzen" zituelako.
Orain, Burgosko Probintzia Auzitegiak arrazoia eman dio Gaztela eta Leongo Juntari, eta Trebiñuko Udala behartu du atzera egitera. Epaiaren arabera, "dagoen erkidego autonomoarekin ez den beste erkidego batekin hitzarmenak sinatzeko eskumenik" ez du Udalak. Halaber, gogoratu du udalen arteko harremanak leialtasunean eta elkarren arteko informazioan oinarrituta egon behar direla, baita koordinazioan eta kolaborazioan ere, bereziki kokatuta dauden erkidego autonomoarekin.