Industria-lurra sustatuko du Araba Garapen Agentziak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko aza. 11a, 09:36

CL-127 errepidean, Askartza herriaren sarreran, dago sustatuko duten industrialdea.

Akordioa sinatu dute Trebiñuko Udalak eta agentziak industria-lurra merkaturatzeko.

Araba Garapen Agentziak eta Trebiñuko Udalak hitzarmena izenpetu dute datozen bi urteetan AGR-2 izeneko industrialdea sustatzeko. Trebiñuko ekialdean kokatuta dago nekazal industria eremua, CL-127 errepidearen eta Ihuda ibaiaren artean, Askartza herriaren sarreran. Lankidetza-akordioak jasotzen du poligono horretako pabiloiak eta orubeak merkaturatzeko eta sustatzeko, salerosteko edo errentan emateko konpromisoa.

AGR-2 industrialdeak hamasei lur zati ditu; horietako hamar Trebiñuko Konderriko Udalarenak dira. Gune horiek 525 metro koadro eta 612,5 metro koadro artekoak dira; ekipamendurako espazio bat ere badago, 2500 metro koadrokoa.

Araba Garapen Agentziak Trebiñun dauden pabiloi eta orubeak euren produktuen katalogoan eta merkataritza sustapeneko tresnen barruan sartuko ditu, hala nola webgunean, katalogoetan, GIS korporatiboan... Gainera, lankidetza horren barruan dago mantentze zerbitzuak batera erostea, edo aholkularitza ematea Trebiñuko industria sektore hura kudeatzean.

Pilar Garcia de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren saileko foru diputatuak eta Elena Ramirez Trebiñuko Konderriko Udaleko alkateak izenpetu dute akordioa. "Gure asmoa da jarraitzea ekimenak abian jartzen, Araba Garapen Agentziaren bidez, balioan jartzeko landa eremuko industrialdeen eraginkortasuna eta lurraldearen baliabideak sustatzeko", azaldu du diputatuak. Halaber, azpimarratu du bere garaian argi eta garbi utzi zutela asmoa dela horrelako ekintzak lurralde osoan egitea, "eta filosofia horren adierazle da hemendik aurrera Trebiñun egingo dugula".

Trebiñuko alkatea, bestalde, pozik agertu da hitzarmenarekin: "Aldundiaren, eta ondorioz Araba Garapen Agentziaren, eskaintzari atxikitzeak ahalbidetzen digu aukera zabalagoa izatea, esaterako, sozietate honetara hurbildu daitezkeen inbertitzaileak gu ezagutzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago