Mende laurdena daramate Baxaurin, inguruko zizak ezagutzen

Mirian Biteri 2017ko azaroaren 2a

Larunbatean egingo dituzte urteroko jardunaldiak, Aranzadiko mikologoen laguntzarekin.

Asteburu berezia dute aurretik Baxaurin, mikologia jardunaldiak egingo dituzte eta larunbatean, azaroak 4. Aurtengo edizioa, gainera, ez da aurrekoak bezalakoa izango, 25 urte beteko dira horiek lehen aldiz egin zenetik. Alfredo Mendozak gogorarazi du herritar talde bat "bere kabuz" hasi zela eguna antolatzen: "Herriko nagusiek zizez hitz egiten zuten garai hartan, eta gainerakoen ez jakintasunari aurre egitea pentsatu genuen; lehenengo bakarrik egiten hasi ginen, eta gero, adituen laguntzarekin. Asko ikasi dugu urteotan", esan du.   

Ohikoa den moduan, inguruko basoetara abiatuko dira lehenengo perretxiko bila. Taldeka banatuko dira: batzuk, pagadira joaten diren bitartean, beste batzuk, pinudira eta hariztira hurbilduko dira. Eguerdian, herrian elkartuko dira eta Aranzadiko Jose Manuel Lekuona eta Juan Ignacio Lopez mikologoek aurkitutako zizak sailkatuko dituzte. Aurten ere, espezie gutxi topatuko dituztela uste du Mendozak, eta erakusketa "eskas" geratuko denez, pantaila bidez, beste hainbat perretxikoen gaineko informazioa egongo da ikusgai.

Jangarriak direnak ahora

Herri bazkaririk ez da faltako; betiko moduan, basoan jasotako eta jatekoak diren perretxikoekin hainbat plater prestatuko dituzte, besteak beste. Bazkalostean, erakusketan argitu barik geratu diren zalantzei erantzuna emango diete mikologoek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago