Argantzungo ekonomia suspertzeko, sei hilabeteko egitasmoa abiatu dute

Anakoz Amenabar 2017ko urr. 22a, 12:28

Hurrengo hilabeteetan udalerriak dituen beharren azterketa egingo dute. / Alea

Beharrak aztertu eta proposamenak aurkeztuko dituzte; 14.000 euroko diru-laguntza bideratu du Arabako Aldundiak

Dinamizazioa eta sustapen ekonomikoa helburu, proiektu bat prestatu du Argantzungo Udalak.  Datozen hilabeteetan udalerriko argazki ahalik eta zehatzena egingo dute, beharrezkoak diren egitasmoak eta interesgarri izan daitezkeenak martxan jartzeko. Arabako Aldundiaren eskutik, 14.000 euroko aurrekontua izango dute abiarazteko.

"Azterketa objektibo bat egingo dugu, lehenik eta behin, egoera zein den zehazteko; enpresaz enpresa, dendaz denda, elkartez elkarte, benetako beharrak zeintzuk diren ezagutu nahi dugu, ekarpenak egin ahal izateko", azaldu du Argantzungo alkate Roberto Ortiz Urbinak. Langile bat arduratuko da azterketa lana egiteaz, eta sei hilabeteko tartea izango du horretarako, egitasmoarekin jarraitzeko aukera izan daitekeen arren.

Alkatearen arabera,   besteak beste, turismoari begirako lan handia dago egiteke Argantzunen, eta proposamen horiek mahai gainean jarri nahi dituzte. "Aukerak baditugu, zalantzarik gabe, eta horiek indartzeko lan egingo dugu. Inguruan dugun kotxe joan-etorri handia baliatuta, karabanentzako gune bat izan daiteke aproposa, beste hainbat egitasmoren artean." 14.000 euroko aurrekontuarekin, lehenengo bultzada eman nahi diote, baina udaberritik aurrera ere egitasmoarekin jarraituko dutela uste du alkateak.

Oinezkoei begira

Bien bitartean, Argantzun oinezkoentzako atseginago egiteko lanean ari direla azaldu du Ortiz Urbinak.  Azkeneko erabakia Santa Maria kalean aparkatzea debekatzea izan da. Hala jakin zuten joan den asteko udalbatzan, udan zehar egindako galdeketa baten ostean. "Herritarrei galdetu diegu, eta hori izan da euren erantzuna; hango aparkalekuak kentzea".  Herrian aparkatzeko leku faltarik ez dagoela esan du alkateak, eta ez duela arazorik eragingo. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago