Ondarearen Europako Jardunaldiak Trebiñura gerturatuko dira urrian

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko urr. 18a, 15:50

San Vicentejoko eliza, Trebiñun. JUANMA GALLEGO

Urriaren 21ean San Vicentejoko baseliza erromanikoa bisitatuko dute eta 22an Trebiñuko gazteluaren aztarnak.

 

2017ko Ondarearen Europako Jardunaldien barnean, San Vicentejoko bazelizara eta Trebiñuko gaztelura bisita bana antolatu dituzte. Urriaren 21ean eta urriaren 22an izango dira saioak, hurrenez hurren.

Bisita irekiak dira, eta adituek gidatuko dituzte: San Vicentejokoa Ricardo Garai artearen historialariak eta Trebiñuko gazteluarena Juan Antonio Quiros EHUko Arkeologian katedradunak. 

Lehen aldia da Europako Batzordeak antolatzen duen ekimen honetan Arabako erakundeek parte hartzen dutela. Diputazioaren eta Bibat museoaren eskutik, Arabako paisaiaren eraikuntza aztertzen ari dira jardunaldien barnean, eta hainbat bisita programatu dituzte. "Paisaia eta ondarea era bateratuan ulertzea nahi dugu, eta dibulgazioa, balioestea eta kontserbazioa sustatzea", azaldu dute antolatzaileek.  

Araian hasi ziren bisitak, irailean, eta Guardian amaituko dira, azaroan. Bitartean, Trebiñun bi geraldi egingo dituzte: lehen bisitan XII. mendeko erromanikoaren eta XIII. mendeko landa munduko erromanikoaren arteko aldeak ezagutaraziko dituzte. Izan ere, 1661. urteko San Vicentejo baseliza ikusi ondoren, gertu dagoen Uzkiano herrira hurbilduko dira, bi atari dituen tenplu txiki bat ikustera. Atari horietako bat Otxateko San Miguel elizatik eramana da.

Bigarren bisitan, San Pedro eta Andre Maria elizak ikusi ondoren, Trebiñuko gazteluaren aztarnak ezagutuko dituzte. Euskal Herriko zaharrenetakoa da; 2007. eta 2009. urteen artean topatu zuten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago