Panguan egin nahi duten hormigoi plantaren kontra azaldu da UAGA

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko urr. 5a, 17:02

Panguako gasolindegi zaharren kokatu nahi dute hormigoi planta bat. ALEA

Alegazioak aurkeztu ditu sindikatuak landa lurzorua okupatu nahi delako, eta industrialderen batean kokatzeko eskatu du.

Alegazioak aurkeztu ditu UAGA Arabako nekazarien sindikatuak Panguan eraiki nahi duten hormigoi planta baten kontra. Irungo noranzkoan, N-1 errepide zaharrean, gasolindegi batek utzitako lurzoruan zabaldu nahi du fabrika  hori Hormigones Angulo S.L enpresak.

UAGAk adierazi du landa-lurzoruan kokatuko dela hormigoi planta hori, eta gogoratu du bere garaian salbuespena egin zuela Trebiñuko Udalak gasolindegia lurzoru horretan jartzeko, "N-1 errepideari zerbitzua ematearren". Behin gasolindegia itxi zenean, okupaturiko lurrek jatorrizko izaera berreskuratu behar dutela azpimarratu du sindikatuak.

Horregatik, hain zuzen, alegazioetan eskatu dute hormigoi fabrika hori industrialderen batean kokatzeko. Tokiko biztanleentzat ekarriko dituen "enbarazuez" eta ingurumenean sortu ditzakeen "arriskuez" aparte,  UAGAk uste du salbuespeneko baimen urbanistiko bat ezin dela bilakatu jarduera industrialak bermatzeko tresna: "Horrek lurzoru ez-urbanizagarria babesteko araua hautsiko luke, eta lurraldearen antolamendua edukiz hustu", esan dute.

Nekazarien erakundeak gaineratu duenez, fabrikak ez ditu inguruko baliabiderik erabiliko, eta, esate baterako, ez du lanposturik sortuko zonaldean. Halaber, gogoratu dute, hain justu hamabost kilometrora, badaudela beste bi hormigoi planta, Arasur poligonoan, Rivabellosan, eta Subillabide industrialdean: "Iruña Okan, beraz, zaila da justifikatzea interes publikoa duela plantak".

Trebiñuko Udalaren eskuetan dago orain aurkeztu diren alegazioak aztertzea, eta planta bultzatzen duen enpresaren eskaeraren inguruan behin betiko erabakia hartzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago