Arrosarioko jaietan murgilduko dira Argantzunen, ostiraletik aurrera

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko ira. 28a, 11:51
Iruña Okako dantza taldea izango da Argantzunen.

Larunbatean bertso-poteoa egingo dute, Oihane Perea eta Felipe Zelaieta bertsolariekin; 14:00etan hasiko da, plazan.

Ostiraletik aurrera Arrosarioko Ama Birjinaren jaietan murgilduko dira argantzundarrak. Suziriaren jaurtiketa 20:45ean egingo du Akelarre kuadrillak. Ondoren, torti-potea eskainiko du Indar Bizia kuadrillak, eta gauerdian hasiko da Lisker taldearekin erromeria.

Larunbatean haurrentzako parkea eta puzgarriak izango dira herriko plazan, goizetik, eta 13:30ean Iruña Oka dantza taldeko haurrek erakustaldia egingo dute. Bertso-poteoa 14:00etan hasiko da, herriko txosna eta tabernetan; Oihane Perea eta Felipe Zelaieta bertsolariek eta Jere Martinez trikitilariak lagunduko dute buelta. Arratsaldean, La Puebla futbol taldearen partida jokatuko da, eta 18:00etan haurrentzako antzerki emanaldia antolatu dute, Kicirque taldearekin. Dantzaldia eta erromeria Platiniun orkestrak  alaituko ditu.

Iganderako, mezaren ostean, txorizoa sagardotan prestatuko du Bihotz Gaztea kuadrillak herritar guztientzat, eta Anduriñaren kontzertua izango da, plazan. Arratsaldean, mus eta briska txapelketak egingo dituzte elkartean, eta 19.00etan haurrentzako disko festa eta mozorro lehiaketa hasiko dira. 

Astelehenean herri bazkaria egingo dute, eta arratsaldean puzgarriak eta zezen mekanikoa izango dira txikientzat. Kirol herrikoiak, disko festa, mozorroen lehiaketa eta gaueko erromeriarekin agurtuko dituzte jaiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide