Pilotari bultzada berri bat eman nahi diote Trebiñun, eta helburu horrekin topaketa bat antolatu dute Argantzunen. Esku pilotan zein palan aritzeko aukera izango dute haurrek datorren ikasturtean, eta horiei begira jaialdia antolatu dute ostiralean, 17:30ean, frontoian. Bertako pilotazaleen saioa eta Gasteizko Adurtza pilota taldeko nesken pala erakustaldia izango dira.
Pilota talde txiki bati eskolak ematen dizkie Ruben Gonzalezek, astero, eta ikasturte honetan ere haurrentzako eskaintza indartu eta aukera zabalagoa eman nahi dutela nabarmendu du. "Ostiraleko jaialditxoarekin erakutsi nahi diegu ikasturte berrirako jarduera hau izango dutela, eta orain arteko eskaintza handiagoa izango dela". Izan ere, Gonzalezek esku pilota eskolekin jarraituko du, eta, harekin batera, Zezi Saez palistak pala arloko kirol jarduerak eskainiko ditu. Astelehen eta ostegunetan izango dira eskolak, 17:30ean. Orain arte mutilak izan dira pilotara gerturatu direnak, Gonzalezek gogoratu moduan, eta horregatik neskengana heltzeko esfortzu berezia egingo dutela aipatu du. "Kirol jarduerekin elkarrekin denak hasten dira txikitan, baina esku pilotara heltzerakoan atzera egiten duten neskek, mutilen jokoa delakoan, eta horri buelta eman nahi diogu".
Kirol jardueraz gainera, aisialdian beste eskaintza bat eman nahi diotela azaldu du Gonzalezek. "Eta Txingoka elkartearen filosofiari jarraituta, euskara eskaintza zabaldu nahi dugu; beste atetxo bat izan nahi dugu".
Haurrentzako eskaintza egiteko asmoa dute, baina nahiko lukete adin desberdinetako lagunak erakartzea, eta Argantzunetik harago, baita Trebiñun ere. "Oraingoz lehen pausoa baino ez da, baina gustatuko litzaiguke proposamena zabaltzea".