Mintzalagun talde bat sortu nahi dute ikasturte berrian Trebiñun

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko ira. 15a, 08:15

Udaletan eman behar da izena. PHOT.OK

Irailaren 22ra arte eman dezakete programarako izena udaletako euskara zerbitzuan.

Ikasturte berrirako Mintzalagun talde bat sortzen saiatzen ari da Trebiñuko euskara zerbitzua. Dagoeneko Armentia herrian badaude hiru lagun prest  programan parte hartzeko, eta deialdia ireki dute Trebiñuko herrietako jendeak parte har dezan. Momentuz, interesa duen jendea identifikatu nahi du Beñat Goitia euskara teknikariak: "Ea taldetxoa osatzeko aukera dagoen. Jendea hurbilduz gero, bilera bat egin eta programaren bat antolatuko dugu ikasturtea bideratzeko". 

Beste alde batetik, gainerako Arabako kuadrilletan bezala, Trebiñun eta Argantzunen ere zabalik dago epea euskara ikastaroetan izena emateko; hilaren 22ra arte izango da aukera. Informazioa, zalantzak eta izen-emateak Trebiñuko Konderriko udaletxean eta Argantzungo udaletxean aurkeztu daitezke, baita euskeratrebino@gmail.com helbidean ere. Talde txikiak, maila egokituak eta ordutegi zabalak izango dituzte aurten. 

Diru-laguntzak

Gainera, Trebiñuko Konderriko Udalak eta Argantzungo Udalak antolaturiko euskara ikastaroak diruz laguntzen ditu eta matrikulazio tasak oinarrizkoak izango dira. Honetaz gain, Trebiñuko Konderriko Udalak Konderritik kanpo eskaintzen diren helduen euskara ikastaroak diruz laguntzeko udal ordenantza bat abian du, eta horri esker herriko langabeei matrikularen %75 eta gainontzekoei %30 ordainduko zaie. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago