Errezetak, linboan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko ira. 11a, 10:16

Argantzungo Susana Grandesen botika.

Sendagaiak hartzeko arazoak dituzte trebiñarrek, administrazioen koordinazio faltagatik.

"Errezeta elektronikoari buruz ari zarete? Tira, bat baino gehiago izango dut nik linboan galduta".Argantzungo botikan asteazkenean goizean sartu den gizonak argi utzi du errezeta elektronikoa ezarri zenetik, arazo handiak dituztela trebiñarrek sendagaiak hartzeko. 

Susana Grandes Argantzungo farmazialariak aleari azaldu dionez, arazo bikoitza dute herriko botikan. Lehenik eta behin, Araban erroldatuta dauden lagunekin: "Argantzunen bizi eta Araban erroldatuta daudenek normalean Gasteizen erosten dituzte medikuak emandako sendagaiak;  herrian jaso nahi izanez gero, ezingo lukete, hemen Euskadiko osasun sareak sortzen dituen errezetak ezin baititugu ikusi ezta eman ere".

Argantzungo bizilagunak behar bezala artatzeko eta haien gaineko jarraipena egiteko zailtasunaz gainera, zenbait unetan arazo larriagoak sortzen direla aitortu du botikariak. "Behin, gogoratzen dut, herriko aita bat etorri zela, arratsaldeko 19:30ak aldera ziren; Gasteizera joateko denborarik ez zuen, eta umearen asmarentzat botika behar zuela; ezin izan nion eman, Euskadiko osasun txartela zuelako". 

Errezetarik gabe

Trebiñuko lurralde egoera 'bereziari' loturiko bigarren traba bertan bizi eta erroldatuta dauden lagunak artatzeko dituzte botikariek. Izan ere, Euskadiko eta Gaztela Leongo administrazioen artean sinaturiko hitzarmenaren arabera, mediku-espezialistak Gasteizen dituzte trebiñarrek. "Arazoa da espezialisten kontsultatik ateratzen direnean, esku hutsik ateratzen direla" nabarmendu du Grandesek. 

Bada, Gasteizko medikuak errezeta elektronikoa ematen die, baina trebiñarrek ezin dute botika Gasteizen hartu, Gaztela Leongo osasun txartela dutelako; eta, are okerrago, Gaztela Leongo botiketan –Trebiñukoetan, kasu–  ere ezin dute medikuak agindutako sendagaia hartu, EAEko osasun sarera sarbiderik ez dutelako bertako botikek.

Eta zein da konponbidea? "Trebiñuko edo Argantzungo familia medikura joan behar dira, Gasteizko espezialistak eman dien errezeta eskuratzeko". Kontua da batzuetan errezeta horiek ez direla familia medikuaren sarean agertzen, edo beranduegi agertzen direla; sarritan, – goizean botikian sartu den gizonak adierazi duen bezala–, osasun sistemaren "linboan" geratzen dira errezetak.

Koordinazio falta

Erkidegoen osasun sistemen arteko koordinazio faltak trebiñarrei eragiten  dien arazoaren jakitun dira administrazioek. Bederen, Argantzungo botikariak behin baino gehiagotan kexatu da. Alta, ez du ezer lortu. "Arazo politikoa da, borondate politikoa behar da", esan du. Eta gogoratu du botika ezinbesteko zerbitzua dela herri txikietan: "Ez gabiltza hemen txorizoak saltzen, jendea behar bezala artatzeko eta jarraipena egiteko ezinbestekoa da, gutxienez, gure herritarren errezetaren berri izan ahal izatea".

Dena den, trebiñarrek botikak hartzeko dituzten arazoen soluzioa hurbil egon daiteke; erkidego bakoitzak ematen dituen errezeta elektronikoak gainerako erkidegoetan  erabilgarriak izateko prozesua abian baita. Gaztela Leon dagoeneko sartu da sarean; Euskal Autonomia Erkidegoa prozesu horretan sartzen den bitartean, oraingoz behintzat,  Argantzunem eta Trebiñun errezetak hartu ahal dituzte soilik Aragoi, Kanariar Uharteak, Gaztela-Mantxa, Valentzia, Extremadura, Galizia, Errioxa eta Nafarroako bizilagunek.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago