Turismo kanpaina berria abiatu dute Trebiñuko konderrian, hemendik eta abuztura amaiera arte luzatuko dena. Nobedadeen artean dago Agiluko artadira Fauneando enpresak antolatu duen txangoa. Abuztuaren 12an egingo dute, 10:30ean; txorien kutxak egingo dituzte, eta ondoren artadira joango dira eta bertan jarriko dituzte.
Bestalde, iaz Otxate herrira antolatu zuten bisitek izaniko arrakasta kontuan hartu dute, eta aurten esperientzia errepikatuko dute. Abuztuaren 11n, 18an eta 25ean iragarri dituzte txangoak; 19:00etan aterako da taldea, Imiruri herriko plazatik. Ordu eta erdi inguru iraungo du bisitak, eta urte hauetan herriaren inguruko interesak eragin dituen kalteak ezagutarazteaz gainera, bertako historia azalduko zaie bisitariei. Bereziki herri abandonatuak merezi duen errespetua eta babesa aldarrikatu nahi ditu aipatu jarduerak.
Halaber, Lañuko Las Gobas eta Santorkaria koba multzo eremitikoak bisitatzeko aukera dago, ostegunetik igandera bitartean, egunero, 12:00etan. Lañuko errepidean, Santorkariako bidearen hasieran dute hitzordua interesatuek. Gizakiak eginiko koba hauen jatorriari buruz dauden teoria ezberdinak azalduko dituzte.
Aipatu txangoak eta bisitak egiteko bi euro ordaindu beharko da. Badira beste bisita batzuk doakoak direnak, hala nola, San Vicentejoko baselizara asteartetan eta igandetan egingo dituztenak, goizez; eta Trebiñuko San Pedro elizara igandetan eta jaiegunetan egingo dituztenak, goizez ere.