Iberiar Penintsulako Neolitiko egitura handienetakoa dago Araiko eta Kutxu arteko mendikatean; iaz hasi ziren bertan indusketak modu ofizialean egiten, eta azken egunotan bisitak egiten ari dira aurkikuntzak zabaltzeko.
Hain zuzen, larunbat honetan egingo dituzte azken bi txangoak Araiko proiektuaren antolatzaileek: 10:30ean, eta 12:00etan. Bi aukera dituzte indusketara hurbildu nahi dutenek: Trebiñuko Udalaren ondoan agertzea edo Grandival herritik oinez igotzea. Antolatzaileek ohartarazi dute ezinbestekoa dela aldez aurretik izena ematea 629 985 414 edo 656 771 169 telefonoetara deituz. Talde txikiak nahi dituzte indusketara igotzeko.
Ordu eta erdiko bisitaldi gidatuan azalduko zaizkie hurbiltzen direnei Pozarrate izena duen eremuaren inguruan egin duten aurkikuntza. Indusketa lan hau etorkizun handiko eta epe luzeko egitasmoaren zati bat da, azaldu dutenez, Trebiñu eta Berantevilla artean dagoen Neolitoko Europako harrobi-egitura handienaren azterketaren lehen urratsa, hain zuzen.
Hogei kilometro koadro okupatzen dituzte Araiko eta Kutxu herrien arteko mendilerroan sakabanatutako harrobiek, zangek, eta silexa ateratzeko Neolitoko gizakiek eraiki zituzten egiturek. Harrobien egiturarekin batera, Neolitoko herriak aztertu nahi dituzte.
Murrizketak medio, urte luzez egon dira modu prekarioan lanean ikertzaileak, baina hiru urteko finantzaketa lortu zuten iaz, eta Trebiñuko silex harrobiak induskatzeko lanari eutsi zion Andoni Tarriño Gizakiaren Eboluzioaren Ikerketa Zentroko (Cenieh) geologoak.
Abuztura arte
Kantaurialdean Neolito garaiari buruzko datu gutxi dago Tarriñoren esanetan, eta horregatik da garrantzitusa Pozarraten egindako aurkikuntza: "Ezagunagoa da Paleolitoa, kobazuloak daudelako, eta bertan ikertu da gehiago, baina Neolitoko herriak eta egiturak aire librean daude, eta zailagoak dira aurkitzeko".
Hogei lagun ari dira aurtengo kanpainan lanean, Cenieh-tik, EHUtik, eta Granada, Oviedo eta Salamancako unibertsitateetatik. Ekainaren 26an hasi ziren indusketak, eta abuztuaren 4an amaituko dituzte. Bost metroko garaiera duen silex harrobi baten aurreko pareta agerian utzi nahi dute. Halaber, inguruan dauden ofitako mazak, silex zatiak, eta pikotzak berreskuratu nahi dituzte.