Emakumeen futbol taldeak osatu nahi ditu Trebiñuko Konderria Kirol Klubak

Juanma Gallego 2017ko uzt. 17a, 11:00

Apuntatzeko epea zabalduta dago, baina batez ere irailetik aurrera indartuko dute kanpaina. | Peter Glaser/Unsplash

2002. eta 2009. urteen artean jaiotako neskak nahi dituzte talde berriak osatzeko.

Trebiñu Konderriko Kirol Klubak emakumezkoen futbola indartu nahi du, eta, horretarako, bi talde berri osatzeko deialdia egin du. 

Rafa Calzon Trebiñuko Konderria Kirol Klubeko presidente eta koordinatzaileak azaldu duenez, orain eskualdean ez dago emakume talderik. "Aurten, Udalarekin hitzarmena berritzean, aukera hori proposatu digute eta, hortaz, hori lortzen saiatuko gara".

Calzonek azaldu duenez, emakumezkoen bi talde sortzen saiatuko dira. Horretarako, 2002. eta 2009. urteen artean jaiotako neskei kirol erakundean parte hartzeko deia luzatuko  diete.

Batetik, 2006tik 2009ra  bitartean jaiotako neskak lortu nahi dituzte, Futbol 7an benjamin eta kimuak kategorietan jolasteko. 

Bestetik, haur eta kadete kategorietan, berriz, 2002tik 2005era jaiotako neskak sartuko lirateke,  kasu honetan, Futbol 11n aritzeko. 

Talde hauek eratzea zaila izango dela aitortu du Calzonek, baina zeregin horretan amore ez dutela emango ere esan du. "Gure esku dagoen guztia egingo dugu talde horiek lortzeko".

Kirol elkarteko presidenteak esan duenez, Gasteiztik edo beste nonbaitetik neskak bertara litezke, baina aukera hori zailagoa da. "Izan ere, eta Trebiñun egonda, badakigu gure mugak zeintzuk diren. Hau ere gertatzen zaigu mutilen zenbait talderekin; arazoak ditugu horiek betetzeko".

Erantzunaren zain

Eskualdean izena emateko deialdia egin dute, eta orain erantzunaren zain daude. Momentuz, talde horiek lortzeko izen-emate nahikorik ez dutela aitortu du Calzonek; baina, uda igaro eta gero, erantzuna handiagoa izatea espero dute.

Irailean, eskolak hastearekin batera, komunikazio kanpaina indartuko dute. Batetik, zirkular bat egingo dute ikastetxean, eta gurasoekin biltzeko asmoa ere azaldu dute. Orduan, "gutxienez talde bat" lortzeko esperantza agertu du Calzonek.  

Emakumezkoen taldea lortuz gero, azpiegituretan aldaketa batzuk egin beharko dituztela aurreratu du  presidenteak. "Batez ere, aldagela berriak beharko ditugu, eta horretarako Udalarekin berriro hitz egin beharko dugu".

Trebiñun hiru zelai dituzte egun: Futbol 11, Futbol  7 eta Futbol 5 zelai bana. Trebiñuko kiroldegia ere erabiltzen dute noizean behin, "batez ere neguan, oso eguraldi eskasa egiten duenean", Calzonek argitu duenez. 

Entrenamenduak astelehenetan eta asteazkenetan egingo dituzte, 17:30etik 18:45era arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago