Berpiztu dute Moraza

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko eka. 22a, 12:35

Nerea Alzaga eta Luis Angel Arroyo, Morazako bizilagunek bultzatu dituzte herria berpizteko lanak. PHOT.OK

Hutsik egotetik, web-orri bat duen Trebiñuko herri bakarra izatera pasatu da Moraza, bizilagunen ekimenari esker.

Morazako eragileak bi lagun dira: Nerea Alzaga eta Luis Angel Arroyo. Biek bultzatu dute herriaren berpiztea, eta, haren ondotik, herriari buruzko blog bat sortu dute, ingurukoen artean lehenetarikoa. Halaber, itxita zegoen San Juan elizaren teilatua konpontzeko diru-laguntzak lortu dituzte. Horretan ere aitzindariak dira.

XII. mendeko eliza erromanikoa da Morazako San Juan, Trebiñuko zaharrenetako bat, eta hogei urtez itxita egon da, erortzear. Alzagak azaldu duenez, iaz hasi ziren konpontzeko saiakera egiten: "Lehen aldia da diru-laguntza bat eskatzen dugula, traba asko jarri dizkigute, eta askok esaten ziguten ez zuela pena merezi, ez zigutela emango; gogoa kendu ziguten". Baina sekulako sorpresa hartu zuten urtarrilean, Burgosko Diputazioak %70eko laguntza onartu zuenean, eta Gasteizko Gotzaindegiak gainerakoa. "Martxoan esan genien bizilagunei, eta ez zuten sinesten; orain sinestu dute, aldamioak jartzen hasi direnean. Oso-oso pozik daude, eta gauza gehiago egiteko gogoa piztu da. Herria batzeko balio izan du ekimenak", esan du Arroyok. Elizaren erabileraren inguruan Gotzaindegiarekin hitz egin behar dute, baina nahiko lukete gutxienez herria biltzeko toki bat izatea.

Morazako bizilagunak, eliza ingurua garbitzen.PHOT.OK

Herrian gertatutakoak kontatzeko asmoz, bloga ere sortu dute, ondoan duten Urizaharrakoen antzera: "Administratiboki Trebiñun gaude, baina harremanak eta ekimenak Urizaharrarekin egiten ditugu, eta haiek blog bat dute; guk ere sortu dugu herrian gertatzen diren gauzak kontatzeko, gutxi dira, baina merezi du". 

Hustutako herria

Arroyoren eta Alzagaren belaunaldiari egokitu zaio komuneko zerbitzuak konpontzeko eta zaintzeko lana. "Gurasoak herrira iritsi ziren duela 40 bat urte –azaldu du Arroyok–. Garai horretan Moraza hustuta zegoen, eta pixkanaka hasi ziren etxeak konpontzen". Egun, etxe gehienak okupatuta daude.  Neguan bost etxe zabalik daude, eta hamar lagun daude erroldatuta bertan. "Uda partean jende gehiago etortzen da, 25 bat bilduko gara", gogoratu du Alzagak. Hartara, herriak bizia berreskuratu du, eta hasi dira umeak dituzten bikote gazteak ere Morazara joaten.

Auzolanak egiten dituzte, urtean bitan, eta beste ekimen batzuetan ere parte hartzen dute; martxoan, adibidez, Korrikan. "Jendea asko inplikatzen da. Aste honetan elizaren zelaia txukuntzeko geratu ginen lau lagun, eta biztanleen erdia agertu da". Garbitzen ari diren zelaian ospakizun bikoitza egingo dute asteburu honetan: Herriko jaiak eta San Juan  elizaren teilatuaren konponketa ospatuko dituzte morazatarrek. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago