Adifek Argantzun-Langraiz arteko lotura hobetuko du

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko eka. 8a, 16:42

Trenbide-trabesak aldatuko dituzte

891.084,9 euro inbertituko dituzte trenbideko azpiegiturak hobetzeko.

Argantzun eta Langraiz Oka herriak lotzen dituen trenbide sarea hobetzeko inbertsioak iragarri ditu Adif Espainiako trenbide sareko arduradunak. Aurreikusi dutenez, 891.084,9 euroko inbertsioa egin beharko dute 476/800 eta 477/280 kilometroen artean. Hobekuntzak egiteko obra Vias y Construcciones enpresari esleitu diote, eta hiru hilabeteko epean egin beharko dute. Lanak egiten dituzten bitartean trenbide zerbitzua ahalik eta normalen emateko asmoa dute. Adifek aditzera eman duenez, abiadura mugak kentzeko balio izango dute onartutako berritze lanek. Batetik, 426.461 euro gastatuko dituzte 5.200 trenbide-trabes eta 8.100 metro errail ordezkatzeko. Halaber, trenbide azpiegituraren segurtasuna bermatzeko lanak egingo dituzte, eta "azpiegituraren kalitatea eta efizientzia hobetzeko neurriak jarriko dira". Anezka eskatu dute Beste alde batetik, Miranda de Ebro eta inguruetan –Argantzunen kasu– bizi diren langile talde batek Gasteizera joateko trenbide-anezka bat martxan jartzeko eskatu diote Renferi. Langile hauek Mercedes enpresan lan egiten dute, eta egunero 30 kilometro egin behar izaten dituzte norbere autoan. Pobes, Langraiz, Manzanos eta Argantzunen trenak gelditzea eskatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago