Trebiñuko naturari buruzko lehenengo dokumentala aurkeztuko dute Samianon

Juanma Gallego 2017ko mai. 26a, 11:00
Dokumentalaren irudiak lortzeko, kamuflajezko denda bat eta gauez egindako irteerak baliatu dituzte. | Ibai Llosa Garcia

Fauneando enpresak ekoiztu du lau urtaroen arabera antolatuta dagoen grabazioa

Trebiñuko naturaren inguruan egin den lehenengo dokumentala ekoiztu du Fauneando enpresak. Ekainaren 3an aurkeztuko dute, 12:00etan, Samianoko gizarte etxean.

Fauneando ingurugiroa eta natura jorratzen dituen enpresa da, batez ere Trebiñun eta Arabako Mendialdean, Andoni Llosa enpresako kideak azaldu duenez. Haren seme Ibairekin batera ari da Llosa naturarekiko griña zabaltzen: Ibai gaztea izan da, hain zuzen, dokumentala osatu duena. "Ibai oso naturzalea da, eta teknologia berriekin ere oso ondo moldatzen da", azaldu du Llosak. Gazteak 13  urte zituela grabatzen hasi zen –16 urte ditu orain–; kamera hartu eta etxetik basora joan ohi da grabatzera. "Metatu duen materialarekin osatu du dokumentala".

Llosak nabarmendu duenez, Trebiñun halakorik egiten den lehenengo aldia da. Baina bereziki egilearen gaztetasuna nabarmendu du. "Oso interesagarria da ikustea 13-16 urte bitartean gazte batek egindako lana dela. Baliabide urriekin egin du, kamera arrunt batekin, hain zuzen". Ibaik landu ditu testuak, eta narrazioa egiteko ahotsa bere aitonak jarri du. 

Fauna ugari

Trebiñuko ezkutuko bizitza izena jarri diote dokumentalari. Pozik azaldu da Llosa emaitzarekin. "Oso dokumental txukuna atera da".   

Hainbat espezie ageri dira: intsektuak, ugaztunak, hegaztiak... "Oro har, Trebiñun ugariak diren animaliak, hala nola orkatzak, basurdeak, azeriak, hegazti harrapariak eta txori txikiak ere".

 Lana burutzeko, semeak ordu asko eman dituela dio Llosak. Baina behar bezalako emaitzak lortu ahal izateko, eskualdea gertutik ezagutu behar dela ere ohartarazi du. "Animalien irudiak eskuratzeko, garrantzitsua da jakitea animalia bakoitza non egon ohi den. Horrek  asko laburtzen du prozesua". 

Herrietan informatzaileak edukitzea ere garrantzitsutzat jo du Llosak. Hide bat erabili du Ibaik zenbait grabaketa egiteko. "Kanpin denda moduko bat da, kamuflajeko lona batez estalia". Gauez ere irten da Ibai, fokuekin. 

Dokumentalaren beraren antolaketa lau urtaroen araberakoa da, Trebiñuko natura urte osoan zehar nola aldatzen den erakusteko. 

DVDa ahalik eta  gehien zabaldu nahi dute, eta kostu-prezioan salduko dute. Baina Trebiñutik harago, SEO Espainako Ornitologia Elkartearekin ere harremanetan ari dira, eta uda aldera bigarren  aurkezpen zabalagoa egin nahi dute, Gasteizko Atarian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide