Udalekuetan izena emateko epea ireki dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko mai. 19a, 12:37

Aurreko urteetako udalekuen irudia.

Ekainaren 26tik irailaren 1era izango dira; 3 eta 12 urte arteko umeek parte hartu dezakete.

 

Udalekuetan izena emateko epea ireki du Trebiñuko Udalak, ekainaren 2ra arte. Hiru eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzenduak dira, Trebiñuko Konderriko haurrei zein beste udalerrietakoei. Udalekuen hizkuntza euskara izango da.

Udalekuak ekainaren 26an hasi eta irailaren 1ean amaituko dira eta bi ordutegi eskainiko dira: lehenengoa 10:00etatik 14:00etara, eta bigarrena 08:00etatik 15:30era. Bigarren ordutegira doazen haurrek soilik bazkaldu ahalko dute bertan. Etxetik ekarritako janariarekin edo catering bitartez bazkaltzeko aukera eskaintzea aurreikusten da. Hala ere, catering zerbitzua ezin izango da ziurtatu izen emate eta interesdunen behin behineko kopurua jakin arte. Catering zerbitzua eskainiko balitz, honen kostua aparte ordaindu beharko litzateke.

Ekintza gehienak Trebiñuko Eskola Publikoaren eraikinean egingo dira, barruan zein kanpoan. Hainbat ekintza eskolatik kanpo egingo dira, besteak beste, igerilekuan (igeri egiten dakiten sei urtetik gorako haurrek soilik eta gurasoen aurretiazko baimenarekin) edo udaletxean.

Koordinatzaile batek udalekuen egunerokoa diseinatu eta gainbegiratuko du. Halaber, zehaztutako ratioak betetzeko –hamabi haur begirale bakoitzeko– behar adina begirale kontratatuko dituzte. Trebiñuko Udalak Aisi Giro izeneko programetarako sortutako lan poltsatik egingo ditu kontratazio hauek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago