Hitzarmenaren "eduki eskasak" salatu ditu Trebiñuko udalbatzak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko mar. 16a, 10:27

Trebiñuko udalbatzak hitzarmena salatu du

Burgosko Diputazioak iragan astean berretsi zuen akordioa; Arabako Batzar Nagusietan aurki eztabaidatuko dute  

 

Arabako eta Burgosko diputazioek adostu duten zerbitzuen hitzarmenaren "eduki eskasak" salatu ditu Trebiñuko udalbatzak. Elena Ramirez alkatearen esanetan, "egin daitezkeen hobekuntza gehienak ez daude erakunde hauen eskuetan". Izan ere, Burgosko Diputazioaren bozeramaile Borja Suarezek berak hainbatetan adierazi du Diputazioak mugak dituela, zerbitzu ugariren eskumena Gaztela eta Leongo Juntaren esku dagoelako.

Burgosko Diputazioak iragan astean aho batez onartu zuen testua, eta Arabako foru gobernuak aste honetan onartu du Trebiñuko hitzarmenaren testua. Arabako Batzar Nagusiek noiz onartuko zain, esparru akordioa iragankorra izango da, eta bi urteko indarraldia izango du, beste bi urtez luzatu ahal izango dena. Sei hilabeteko epean Arabak eta Burgosek erabaki beharko dute zerbitzu bakoitzak nola kudeatu eta aurrekontuak nola banatuko diren.

Hamahiru gai

Hitzarmenak hamahiru gairen inguruko erakundeen arteko elkarlana jasotzen du; besteak beste, gizarte zerbitzuetan, suhiltzaileetan, euskaran, azpiegituretan, neguko bidezaintzan eta garraioan. Elkarlan edo laguntza hori ez da soilik Trebiñura mugatuko, baizik eta eskualde mugakideetan bizi diren herritarrei ere eskaini ahal izango zaie.

Suarezen esanetan,  "lurralde gatazka" bere horretan dago eta ez du zerikusirik hitzarmenarekin. "Barrendegia norena den baino zerbitzuak zeinek eskaintzen dituen argitzea da inportanteena", esan du Burgosko Diputazioaren bozeramaileak.

Arabako Diputazioak behin behineko hitzarmenaren balioa azpimarratu du, "enklabearen egoerari buruzko behin betiko konponbidea adostu eta ebatzi arte".

Lege Organikoa

Trebiñuko Udalak berriz ekingo dio eskualdea Arabara batzeko ahaleginari. Lege Organikoa izango da horretarako bidea, Eusko Legebiltzarraren eskariz Espainiako Kongresuan eztabaidatu eta onartu beharrekoa. Bidea ez da berria, 2014an ere antzeko saiakera egin baitzuten. Orduan, baina, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen Legebiltzarrak proposatutako lege egitasmo hori. Orain, indar korrelazioa aldatu da Kongresuan; horregatik, Trebiñuko udal agintariek uste dute proposamenak baduela aurrera egiteko aukera. Alderdi politikoekin bilerak egingo dituzte hurrengo asteetan, baten batek Eusko Legebiltzarrean proposamena aurkeztu ahal izateko, eta ondoren Espainiako Kongresura eramateko.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago