Hegaztiak dira Ibita ikerketa taldeko lehen liburuxkaren protagonistak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016ko aza. 5a, 12:00

Trebiñuko hegaztien inguruko bilduma.

Andoni Llosa adituak bildutako informazioarekin argitaratu berri dute Trebiñuko Konderriko ohiko hegaztien liburuxka bat.

 

Txolarrea, enara azpizuria, txantxangorria, kaskabeltza, amilotxa eta zozoa dira Ibita ikerketa taldeak argitaratu duen lehen liburuxkaren protagonistak. Trebiñuko Konderrian, ohiko hegaztiak dira herriko eta baratzetako txoriak.  "Hegaztien babesa eta haiekiko maitasuna sustatu eta zabaldu nahi izan dugu", argitu du Andoni Llosa egileak.

Haren esanetan, liburuxkan ez dira agertzen tokiko hegazti arraroak, udalerrian azaltzen direnak baizik. "Gurean herri guztietan goza ditzakegu, zenbait faktoreren arabera: zenbat eta basoxka, fruta-arbola eta lorategi gehiago, orduan eta txori gehiago ikusiko ditugu". Llosa Ibita institutuko kidea izateaz gainera, aditua da hegaztien alorrean, eta urteak daramatza tokiko txorien jarraipena egiten. Bildutako informazioarekin, eta Ibai Llosa semearen argazkiekin osatu dute liburua, hain zuzen.

Datozen egunetan Trebiñuko Konderriko 47 herritako kafetegitan, dendatan, eta nekazaritza etxetan banatuko dute argitalpena. "Interesa duten herritar guztien artean zabalduko dugu egindako lana", azaldu du Llosak.

Hurrengo egitasmoak

Txoriak, gure auzotarrak liburuxka daIbita Trebiñuko ikerketa taldearen lehen argitalpena, eta asmoa dute gehiago argitaratzeko. Iaz jaio zen Ibita, Trebiñuko Konderriaren inguruko azterketak sustatzeko talde independente bezala, Udalaren babesarekin. Aurten, liburuxkaz gainera, Ibita bekaren deialdia egin dute, eta horren harira Araikoko mendatean, Pozarrate izeneko eremuan, Neolitoko meatzariek ustiatu zuten silex harrobia induskatzeko diru partida eman dute. 

Llosarekin batera, Ricardo Garaik eta Roberto Gonzalez de Viñasprek osatzen dute Ibita taldea. "Asko dago egiteko Trebiñuko Konderrian, naturaren, hizkuntzaren edo historiaren inguruan, eta  txoriena moduko liburu gehiago argitaratu nahi ditugu".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago