"2056. urtea da. 25 urte pasa dira Euskal Herriak independentzia lortu zuenetik. Orain, Euskal Espazio Agentziak Euskal Herriko Errepublikaren independentziaren 25. urteurrena ospatzeko, bi astronauta bidaliko ditu lehendabiziko aldiz espaziora Trebiñu II izeneko lehen estazio espaziala martxan jartzera". Sarrera Trebiñu II izeneko bi minutuko irrati-nobela komikoarena da; goizero entzun daiteke, Euskadi Irratia 07:55etan piztuz gero.
Euskal irrati publikoaren denboraldi berriaren programa da, eta Koldo Almandoz gidoilariak sortu du. Almandozek berak azaldu du zergatik bidali duten Trebiñu espaziora: "Estazio horren izena Trebiñu II da, independentzia prozesuan Trebiñu ezin izan zelako Euskal Herrian geratu; orduan, Trebiñurik gabe ez geratzeko, estazio espaziala sortu zen. Burgosen geratu beharrean, espazioratu genuen". Trebiñu izena "aitzakia" baino ez dela azaldu du Almandozek, hainbatentzat ezezaguna den errealitatea agerian uzteko: "Mahai gainean jarri nahi genuen paraje eta errealitate ezezagunak direla euskaldun askorentzat".
Taldeko lana
Gorka Etxebestek eta Mikel Fernandezek egiten dute Sarasola eta Johnson izeneko astronauta zoroen papera, eta Lierni Ibargutxi aktoreak ahotsa jartzen dio Eskisabel kapitainari. Saioa bi astronauta hauen eta Euskal Herriko basearen arteko komunikazioetan oinarrituta dago. Alor teknikoa Iñaki Olaziregik zuzentzen du.
Euskadi Irratian Jon eta Jone irrati-nobela egin du taldeak Trebiñu II aurretik, baina horrekin alderatuta tonua "erabat" aldatu dutela azaldu du Almandozek. "Egunkarietan dauden zintak edo komikietako binetak bezalakoak dira oraingo saioak, eta, gainera, segidan entzuten badira badaude bilduma modukoak, baina bakarrik entzunda ere ulertzen dira".
Goizean goiz, atal informatiboa puri-purian dagoenean, irrati-nobela bat emititzea saiakera "ausarta" dela aitortu du Almandozek, baina, tarte horretan ere fikzioa sartzearen aldekoa dela dio.