Trebiñuko Konderriko eta Argantzungo udalek euskararen familia transmisiorako Saretzen programa berria jarriko dute martxan 2016-2017 ikasturtean. Programaren baitan hiru atal biltzen dira. Batetik, gurasoei zuzendutako hamar orduko ikastaroa, bigarrenik helduei zuzendutako Mintzalagun programa, eta azkenik irteerak eta familientzako ekintzak.
Gutxieneko euskara ezagutza izanik euskara erabiltzeko ohitura ez duten gurasoei zuzenduta dago urrian hasi eta abenduan amaituko den ikastaroa. Asmoa da bakoitzak duen hizkuntza ezagutzari ahalik eta etekin gehien ateratzea; hartara gurasoek ikasiko dute nola lagundu seme-alabak eskolako lanekin, haurrekin erabiltzeko oinarrizko hiztegi eta baliabideak eskainiko zaizkie, eta kultur material egokiak ezagutuko dituzte, haurren hizkuntzarekiko motibazioan eragiteko.
Bi guraso talde osatzeko asmoa dago, bata 0-5 urte bitarteko haurren gurasoekin osatuta, eta beste bat 6-12 urte bitarteko haurren gurasoek osatuta. Hamar saio egingo dira.
Mintzalaguna
Bestetik, lehenbizikoz Mintzalagun programa martxan jarri nahi dute udalek Trebiñu Kuadrillan. Hala, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzeko ahalegina egingo dute, hizkuntzarekiko motibazioan eragiteko, hizkuntza bera erabiltzeko, eta familiaa euskaldunen sarea sortzeko.
Programaren hirugarren ardatzak irteerak eta familia euskaldunentzako ekintzak biltzen ditu. Honen baitan abenduaren bueltan Oñatiko Arrikrutz kobazuloetara irteera egingo dute partehartzaileek. Haur eta helduentzako bisita gidatua izanen da Arrikrutzeko kobazuloetara eta Arantzazu eta Oñatira.
Bestetik, abenduaren 3an, Euskararen Egunean hain zuzen ere, Irrien Lagunak izeneko tailerrak egingo dituzte Trebiñuko eta Argantzungo gurasoen eta umeen artean, hizkuntzaren transmisioa bultzatzeko; arratsaldean Euskararen Taupadak antzerki emanaldia antolatu dute guztientzat.