Otxate, behar den begirunez

Estitxu Ugarte 2016ko abu. 22a, 16:08
Otxate herria, Trebiñun

Udako kanpaina turistikoaren baitan Trebiñuko Udalak Otxate "errespetuz" ezagutzeko bisita gidatua antolatu du, hilaren 27an.

 

Otxateko eremua ezagutzeko bisitak antolatu ditu Trebiñuko Konderriko Udalak kanpaina turistikoaren baitan. Bereziki herri abandonatuak merezi duen errespetua eta babesa aldarrikatu nahi ditu aipatu jardueran. Hala, hurrengo larunbatean, 18:00etan, egingo dute udako azken bisita. Imiruriko plazatik aterako da ordu eta erdi luze iraungo duen txangoa; erreserbak egiteko 945101070 telefonora deitu behar da.

Zorionez edo zoritzarrez Otxatek "herri mamua"ren fama hartu zuen 1981. urtean, Pruden Muguruzak ustezko OHE (Objektu Hegalari Ezezaguna) bati argazkia atera ziolako herriaren inguruan; ordutik herri abandonatuaren gainean ustezko fenomeno paranormalak (psikofoniak, mamuak...) eta kontakizun misteriotsuak (hilketa harrigarriak) zabaldu dira, eta urtero ehunka bisitari hurbiltzen dira bertara. Horrek arazoak sortu ditu inguruan: zaborraren pilaketa, bandalismoa, landareen hondamena, besteak beste.

Hartara, Otxateko eremuarekiko errespetua sustatzeko eta herritarrak kontzientziatzeko abian jarri dira bisita gidatuak. Trebiñuko Konderriko Udalak ohartarazi duen moduan "herri mamuaren ospeak bisitarien partetik gizalegearen kontrako jarrerak ekarri ditu; jarrera horieri aurre egiteko Otxateren balorea azpimarratu nahi dugu, historia luzea eta aberatsa duen eremua baita". Bisita gidatuan herriko benetako eta fikziozko historiak azalduko dituzte, eta Otxateko mitoaren sorreraren inguruan hitz egingo dute.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide