San Formerion ospatuko dute bihar Trebiñuko Euskal Jaiaren 15. edizioa

Estitxu Ugarte 2016ko uzt. 29a, 13:21
Baxaurin 2013an ospatu zen Euskal Jaia

Gutxisolo Elkartearekin batera jaio zen Euskal Jaia, euskara kalera ateratzeko asmoarekin; aurtengoa azkena izan daiteke.

 

Hamabost urte beteko ditu aurten Trebiñuko Euskal Jaiak, eta lehenbizikoz San Formerioko ermitan ospatuko dute, uztailaren 30ean. Gutxisolo elkartea aritu da jaia antolatzen azken urteetan, baina gero eta jende gutxiago animatzen da antolakuntzan eta jaian bertan parte hartzera, eta antolatzaileek ez dakite aurtengoa azkena izango ote den. 

Gutxisoloko kidea da Andoni Portilla, eta haren esanetan, hasieratik dauden lagunek jarraitzen dute Euskal Jaia bultzatzen,  baina ez dago erreleborik. "Ez dakit zer gertatu den, baina geratu gara zortzi edo hamar pertsona, eta jada nekatuta gaude. Jarraituko dugu gauza txikiak antolatzen, baina beste erritmo batera", aitortu du.

Herriz herri

Izan ere, Gutxisolo elkartea eta Euskal Jaia batera jaio ziren orain dela hamabost urte. "Gu euskara ikasten hasi ginenean bi talde sortu ziren Trebiñun euskara ikasteko, eta horien inguruan sortu zen ere Gutxisolo elkartea. Euskara klasetik ateratzeko eta hizkuntza zabaltzeko hasi ginen antolatzen euskal jaiarena, beste ekitaldi batzuk egiten ditugu  ere, baina jai hauxe izaten da urteko ekitaldi nagusiena", azaldu du Portillak.

Trebiñu osotik euskara zabaltzeko asmoarekin herriz herri eraman dute urtero Euskal Jaia. "Normalean egiten dugu herri ezberdin batean, Trebiñun daude bi udaletxe, eta 49 herri txiki, eta hasieratik pentsatu genuen ekimena zabaldu behar genuela Trebiñu osotik, eta urtero herriz herri egon gara antolatzen; aurten aldatu egin dugu pixkat, eta herri batean egin beharrean San Formerio ermitan egingo dugu".

Hasiera batean maiatzaren inguruan egiten zuten jaia, baina jende gehiago erakartzeko asmoarekin data aldatu dute. "Garai batean ehundik gora lagun biltzen ginen herri bazkarian  eta egunean zehar, baina pixkanaka kopurua murrizten joan da",  adierazi du Portillak. "Ea aurten jendea animatzen den, euskaldunok elkarrekin pasatzeko egun bat da, eta elkarren artean ezagutzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide