Udal zergak kudeatzen hasiko da Trebiñuko Udala

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016ko eka. 30a, 15:08

Orain arte Burgosera edo Briviescara joan behar zuten bizilagunek edozein tramite egiteko.

 

Gertuago eta erosoago. Aurrerantzean Trebiñuko bizilagunak ez dira herritik atera beharko udal zergak ordaintzeko, tramiteak egiteko, edo informazioa lortzeko. Izan ere, Trebiñuko Udalak berreskuratu du udal zergak kudeatzeko eskumena, eta azken ukituak egiten ari da kontratatutako enpresarekin kobratze sistema berria martxan jartzeko. 

Udal arduradunek adierazi dute egun hauetan amaitzen ari direla kobratze sistema egokitzeko lana, "uztailan zabaltzen delako bolumen handiko zergak kobratzeko epea, esate baterako Ondasun Higiezinen Zerga".

60 kilometrotik gora

Orain arte Burgosko Diputazioak kudeatu du zerbitzua, eta horrenbestez Trebiñutik 60 kilometrotik gora mugitu behar ziren trebiñarrak edozein tramite egiteko edo informazioa lortzeko, Burgosera edo Briviescara. 

Udalak 2015. urteko martxoan erabaki zuen zergen kudeaketa berreskuratzea. "Helburua da herritarrei tramiteak erraztea, udal zergen inguruko kontu guztiak hurbiltzea eta azkartzea",  adierazi du Trebiñuko alkate Ernesto Argotek. 

Alkateak azpimarratu duenez, hasierako asmoa zen Aste Santuan zerbitzua martxan jartzea, baina Gaztela-Leongo Juntak lehiaketa publikoaren hainbat atal moldatu behar zirela ohartarazi zuen, eta tramiteak atzeratu egin dira. Behin zuzenketak egin ostean, SCI enpresak  hartu du udal zergak kudeatzeko ardura, 57.000 euroko lizitazioaren truke.

Beraz, dagoeneko Trebiñuko bizilagunek edozein zalantza izanez gero, kontratatutako enpresak udaletxean zabaldu duen bulegora jo dezakete. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide