Arkeologia indusketak itzuliko dira irailaren hasieran Argantzunera

Mirian Biteri 2016ko eka. 24a, 09:58

Irailaren 5etik 30era bitartean egingo dituzte lanak; dagoeneko izena eman dezakete egitasmoan parte hartu nahi dutenek.

Ondarean oso aberatsa da Trebiñuko Barrendegia. Horretaz jabe dira Euskal Herriko Unibertsitatekoak (EHU) eta hori dela eta, arkeologia-indusketa berriak egingo dituzte udako oporren ostean. Hain zuzen ere, irailaren 5etik 30era bitartean ibiliko dira lanean Argantzungo San Migel ingurunean.

Dagoeneko zabalik dago indusketa horietan parte hartu ahal izateko izen-ematea. Interesatuek mezua bidali behar dute gipypac@gmail.com helbide elektronikora.

EHUko Ondare eta Kultur Paisaietako Ikerketa Taldeak antolatu du esandako egitasmoa. Horren bueltan, jakinarazi dute horretan parte hartzea debalde dela, eta Gasteiz eta Argantzungo indusketa gunea lotuko dituen eguneroko garraioa izango dutela parte-hartzaileek.  

Proiektuaren helburu orokorra da inguruko Goi Erdiko tokiko elkarteak aztertzea; eta irailean egingo diren lanekin indusketa bera ikertzearekin batera arkeologia ikasleak formatzea bilatzen dute.

Iazko udazkenean
Ez da lehenengo aldia udalerrian indusketak egiten dituztela. 2009. urtean hasi ziren Argantzungo gazteluaren ingurunean lanean; Erdi Aroko herrixka topatu zuten orduan. Arkeologia-proiektu sakona egin ostean, iazko udazkenean indusketak egin zituzten bertan.

Lanek iraun zuten bitartean  bisita gidatuak antolatu zituzten ingurunera. Besteak beste, herrixka zaharraren eta XVIII-XIX mendeetako Andre Mariaren Sorkunde komentuaren hondarrak ikusteko aukera izan zuten bisitariek. Horrez gain, pasa den maiatzaren 6an ere bertan indusketa horietan lortutako emaitzak aurkeztu zizkieten herritarrei. Argantzun zaharra ezagutu zuten berbaldian

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide