Gaztelari aurre egiteko bideari eutsi dio Trebiñuk. Juntari planto egin, eta zergak bere kabuz biltzeko erabakia berretsi zuen Konderriko Udalak pasa den ostiraleko Osoko Bilkuran.
Abenduaren 18an hartu zuten erabakia: bertako zerga-bilketa Burgoseko Diputazioak egiten jarraitu beharrean, Udalak berak egiteko akordioa egin zuten orduan; diru-bilketa egiteko, enpresa bat kontratatzea adostu zuten, baita enpresa aukeratzeko lehiaketa martxan jarri ere. Handik gutxira, ordea, Gaztelaren erantzuna iritsi zen: erabakia baliogabetzeko eskatu zion Juntak Udalari, duela bi aste bidalitako agindu batean. Izan ere, "legea urratzen duela" deritzo.
Hamabost egunetan, kontratu berria
Bestelakoa da Konderriko ordezkarien gehiengoaren iritzia: udal gaietan "esku hartzea" leporatu diote Juntari, eta aurrera egingo dutela jakinarazi. Hori bai, diru-bilketaz arduratuko den enpresa aukeratzeko lehiaketaren baldintzak berridatziko dituzte, aurreko agiriak "akats juridikoak" zituelako; besteak beste, ikuskaritza lana egitea aurreikusten zuen, eta horrek Udalaren eskumenak gainditzen ditu, Ernesto Argote alkateak aleari azaldu dionez. Hamabost eguneko epea eman zioten ostiralean Udalaren Idazkariari baldintza-agiri berria idazteko. Ondoren, euren eskaintza aurkeztera gonbidatuko dituzte aurreko lehiaketan parte hartu zuten hiru enpresak.
Zerbitzuaren kostua Arabako Diputazioak hartuko luke bere gain, Ernesto Argote alkateak adierazi duenez: "Ez dugu idatzizko erantzunik, baina bai ahozko konpromisoa".