Argantzun eta Langraiz Oka bidegorriarekin lotzeko lehen urratsa egin dute

Mirian Biteri 2016ko ots. 5a, 12:30

Argantzunen dagoeneko onartu dituzte aurtengo aurrekontuak. Aurten, 606.638 euro aurreikusten ditu proiektuak. Egunerokotasuneko gastuei aurre egiteaz gain, hainbat inbertsio egiteko partidak aurreikusten dira; tartean, bidegorria egiteko asmoa dute Argantzun herritik Langraiz Okara.

Roberto Ortiz Urbina alkateak proiektu horren gaineko xehetasunak eman ditu: "Arabako mugaraino doa bidegorria Zadorra errekako ezkerreko ertzetik, N-1 errepide zaharra erabilita; 2,2 kilometroko luzera izango du egokituko dugun tarteak". Hori Argantzungo Udalari dagokiona. Baina, alkateak iragarri du Iruña Okako Udalarekin jarri izan direla harremanetan, eta hango udal ordezkariek osoko bilkuran onartu izan dutela proiektuari jarraipena ematea, Langraiz Okaraino.

Udaberrirako erabilgarri

Alkateak jakinarazi du egitasmoa aurrera atera ahal izateko Espainiako Sustapen Ministerioari eskatu behar izan diotela baimena, errepidearen jabetza berarena delako; "erabiltzeko" baimena eman dio horrek Argantzungo Udalari. Dagoeneko badabiltza gairekin bueltaka: laster lehiaketa aterako dute eta bizpahiru hilabetetan obrak eginda egotea eta erabilgarri izatea nahi du alkateak: "Gaur egun arrisku handia dute oinezkoek, eta beharrezkoa da bidegorria ahalik eta azkarren egitea. Eguraldi ona iristen denerako erabilgarri izatea da hasierako asmoa". Esandako egitasmorako 53.000 euroko partida aurreikusi dute Udalean.

La Cadena kalea

Bada, bidegorriaz gain, bestelako obrak ere egingo dira aurten. La Cadena kalean konpontze lanak gauzatzeko, esaterako, 45.000 euro bideratuko dituzte; argiteria, telefonoa eta euri-urak eta gorotz-urak jasotzeko sareak sartu ostean harriarekin egokituko da aipatutako kale zatia.
Horrez gain, hilerriko horma berrituko dela eta herriko kirol instalazioetan mantentze lanak egingo direla jakinarazi du alkateak. Bestalde, gogorarazi du jarraituko dutela herriko argiteria lurperatzen.

Pasa den urtarrilaren 27an egindako ezohiko osoko bilkuran babesa eman zizkioten kontuei, AINP alderdiko zinegotzien aldeko botoekin; EAJ eta EH Bilduren ordezkariak abstenitu egin ziren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide