Gasteiz eta Burgos lotuko dituen AHT-ari ez esan diote Trebiñun

Mirian Biteri 2016ko urt. 30a, 08:00
JuananVazTrenes

Espainiako Sustapen ministerioak aurrera dihardu Gasteiz eta Burgos lotuko dituen Abiadura Handiko Trena egiteko asmoarekin. Dagoeneko behin behinekotasunez onetsi dute horren gaineko azterketa informatiboa; urtarrilaren 23ra arte jendaurrean izan da hori, alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Proiektu horrek eragin zuzena izango luke Trebiñuko barrendegian; Argantzun eta Trebiñuko Konderriko udalerrietako lurretatik pasatuko litzateke. Argantzunen, ekialdea hartuko luke. Hain justu, A-1 autobia ondoan ibilbide berria egiteko asmoa dute; tartean, tunela eraikiko dute, mendia zeharkatuko duena. Trebiñuko Konderria, ostera, mendialdetik zeharkatuko luke, Pangua eta Burgeta herri ondotik.

Txostena aztertu ostean, alegazioak aurkeztea erabaki dute udalerri bietan. Udal teknikariek prestatutakoak onartu dituzte bi udalerrietako udalbatzek; Trebiñuko Konderrian, gainera, EH Bilduk aurkeztutako proposamena ere onetsi dute udal ordezkariek.

Nekazaritzan eragina

Egitasmoak askotariko eraginak izango dituela salatzen dute alegazioek; tartean, nekazaritzan izango du inpaktua. Azken horren harira, Trebiñuko barrendegian nekazaritzak duen "garrantzia handia" nabarmentzen du idatziak, eta gogorarazten du Abiadura Handiko Trena bezalako azpiegitura batek lur eremu asko hartuko duela: "Nekazari askorengan izango luke eragina; kalte handia egingo lioke trenak, lurrak galduko lituzketelako".

Bestalde, horren bueltan aurreikusita dauden tunelak eta zabortegiak ere aipatzen ditu. Lur azpiko hidrologian tunelek izango duten inpaktua "oso larria" izango litzatekeela ohartarazi du. Horrekin batera, uretan eta akuiferoetan trenak izango duen eragina ere salatu du idatziak.

Horren harira, azpimarratu du hainbat erreka zeharkatuko dituztela eta askotariko akuiferoak desagerraraziko direla. Trebiñuko Konderriko EH Bilduko zinegotzi Iker Gartzia Eulatekok azaldu du konderri osoan "oso kezkatuta" daudela, eta Burgetan, esaterako, bizikideek urik gabe geratzeko arriskua izango dutela. "Antza, AHT-a Burgeta ondotik lur azpitik 40 metrora pasatuko da. Hor omen daude Burgeta herriak dituen akuiferoak. Hortaz, proiektu horrek gure ur-baliabideak arriskuan jartzen dituela uste dugu". Horri paisaian eta soinuan izango duen inpaktua gehitu behar zaizkio.

Jasangarritasuna

EH Bilduk aurkeztutako proposamen gehigarrian jasangarritasun ekonomikoan eta sozialean izango duen eragina salatzen dute: "Abiadura Handiko Trenak oso eragin kaltegarriak izango ditu hurrengo belaunaldietarako. Hormigoiaren burbuilaren adibiderik onena dugu. Kilometro bakoitzak 18 eta 23 milioi euro arteko kostua izango du. Ez da errentagarria izango ikuspegi sozialetik, gure gizartea zorpetuko du urte askotarako".

Esan bezala, Trebiñuko Konderriko Udalean onetsi zen, EAJ eta Talde independentearen babesarekin; Argantzunen, berriz, ez. Azken udalerri horretako EH Bilduko zinegotzi Pablo Ortiz de Latierrok honakoa aipatu du horren bueltan: "EAJ eta Nueva Puebla ibilbidearen kontra daude; gu proiektu osoaren kontra, AHT ez da behar, ez da herritarrentzako trena".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide