Dinosauroak jaun eta jabe Lañun

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2016ko urt. 22a, 14:08

Sei dinosauro espezie berriak identifikatu dituzte Trebiñuko Lañu herriko meategian. Horietako bat handia da -sei metroko luzera du- eta beste bost  askoz txikiagoak, oilo baten tamainakoak. Dinosauro teropodoak direla ondorioztatu dute ikertzaileek, animali haragijaleak eta hankabikoak.

Dinosauro teropodo hauek Trebiñun bizi ziren Triasikoan, alegia duela 228 miloi urte. 

Theropoda indet, Coelurosauria indet, Richardoestesia, Pyroraptor olympius eta Paronychodon  izena dute aztertu dituzten izakietako batzuk. Dinosauro teropodo hauek ziur aski katastrofe handiaren ondorioz desagertu zirela uste dute ikertzaileek.

Ikerketa osatu dute Angélica Torices, José Ignacio Canudo, Xabier Pereda-Suberbiola eta Philip J.Currie ikertzaileek eta  Kanadako Albertako Unibertsitateak argitaratu zuen lana irailean. Madrilgo Konplutenseak, Zaragozako Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak ere parte hartu dute. 

Torices paleontologoak gidatu du lana eta besteak beste Lañuko harrobiaren aztarnategian 1984 eta 1997 urteen artean egindako indusketetan antzemandako 120 hortzak oinarri hartu ditu ikerketarako.

Lañun Mesozoikoko (60 eta 250 milioi urte) Europako meatokirik garrantzitsuena dago. Aurkitutako hondakinen aberastasunean eta aniztasunean datza meategiaren berezitasun. 

"Milaka hondar fosilak daude Lañun eta aniztasun handia dago, horregatik aurkitu ditugu horrenbeste espezie berri" azaldu zuen Toricesek lanaren aurkezpenean. Kretazeoko animalien eskeletoak osorik aurkitzea oso zaila denez hortzeriari esker lortzen ari dira dinosauroen bilakaerari buruzko informazioa.

Ikertzailearen esanetan "hortzak ondo gorde dira, esmaltea oso material gogorra delako eta dinosauroak etengabe ari zirelako hortzeria aldatzen".  Dena den lana ez ei da erraza izan, aurkitutako hortza handienek sei zentimetro besterik ez dituztelako eta txikienek milimetro inguru. 

Ikerketak dinosauro haragijaleen aniztasunaren inguruan informazio inportantea lortzeko balio izan du baita Europako Kretazikoan gertatu zen klima aldaketari buruz ere. Toricesen hitzetan "modelo klimatikoek erakutsi dute mende bat barru Kretazikoaren tenperaturara iritsiko garela eta baldintza hauetan ekosistemak ikertzeko dugun tresna bakarra fosilak dira".

EHUko Paleontologiako  katedraduna Xabier Orue Etxebarriak ustekabez aurkitu zuen 1984. urtean Trebiñuko Lañu herriko harrobi zahar batean dinosauro baten hezurra. Orduz geroztik milaka aztarna topatu dituzte bertan, hezurrak, ornoak, eta hortzak besteak beste. 

Ordutik egin dituzten industekei esker kontinenteko berrogei espezie baino gehiagoren fosilak azaldu dira Lañun, horien artean dortokak, muskerrak, arrainak eta ugaztun txikiak. Gainera animali batzuk (herensugea, Liraionsaurus eta Lainodon) Trebiñuko meategian bakarrik aurkitzen dira. Dena den dinosauroak dira beste guztien gainetik nabarmendu beharrekoak. Informazio ugari bildu duten arren ikertzaileek bat egiten dute egiaztatzean oraindik Lañok sekretu ugari gordetzen dituela.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago