Usatxi kultur elkarteak, Pipaongo Administrazio Batzarraren babesarekin, beste urte batez XX. mendeko herriko bizimoduak eta ohiturak gogoratzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu asteburu honetan. Gainera, duela 45 urte Usatxi dantza taldea osatzen lagundu zutenei ere omenaldia egin diete, eta Iratxe Ibisatek gaur gidatzen duen herriko dantza talde gaztearen emanaldia izan da.
Kanpai hotsek egin diete harrera bisitariei larunbatean, eta herrian zehar egindako ibilbidean labore tradizionalak nola egiten ziren erakutsi dute herritarrek. Hala, nekazaritza labore guztiak irudikatu dituzte: sega, ikaztegietako lana, artilea makilaz jotzea…. Halaber, Pipaon ikatzarekin estuki lotutako herria dela gogoratu dute, eta herriko emakumeek ikatza Arabako Errioxara eramateko egin zuten lan nekeza oroitu dute.
Ildo horretan, herriko ikaztegia babestuko duen aterpe bat inauguratu dute, eta Pipaongo Museo Etnografikoari Lagran herriko sutegiko hauspoa lagatzeagatik eskerrak eman dizkiote udalari.