Ekhifest jaialdiak bere bigarren edizioa ospatuko dute irailaren 18an eta 19an, Uribarri Haranean, Arabako Mendialdean. Iaz abiatu zuten Ekhi Arroyo Fernandez de Lecetaren omenez diziplina anitzeko ekimena, eta aurten ere jarraipena eman diote, kultura, musika, natura eta komunitatearen arteko lotura indartu asmoz.
Ostiralean "modu intimoagoan" hasiko da egitaraua. Dokumental baten proiekzioa, trikiti eta pandero doinuekin girotutako afari herrikoia eta formatu txikiko kontzertua izango ditu. Larunbatean, berriz, egun osoko jarduera eskaintza prestatu dute antolatzaileek. Kapitate mendira martxa egingo dute, Ekhiren omenez altxatutako monolitoa bisitatzeko, eta egun osoan artisau azoka, euskal kantuak, herri kirolak, herri bazkaria eta txikientzako hainbat jarduera izango dira, besteak beste apar festa, puzgarriak, buruhandiak eta zezensuzkoa.
Arratsaldetik goizaldera arte musikaz beteko da Uribarri Harana. 17:00etan hasiko dira kontzertuak Tximu Rap taldearekin, eta ondoren igoko dira oholtzara Pelo Perro, Kaos Ekaitza, Name Off, Tudetuz, Moonshine Wagon, Chulería, Joder, Manifa eta Katapunk. Antolatzaileen arabera, jaialdiaren azken txanpa goizaldeko 04:00ak arte luzatuko da.
Ekhifest doako eta autogestionatutako jaialdia da. Ekhi Arroyo 2024ko urrian hil zen Ziordian, eta gertakari latz haren ostean sortu zuten jaialdia lagunek, haren memoria bizirik mantentzeko. Aurten ere "auzolanaren eta elkarlanaren espirituari" eutsiko dio, eta Gasteiztik autobus zerbitzua, aparkalekua eta kanpalekua izango ditu bertaratzen direnentzat. Informazio guztia eta eguneraketak jaialdiaren webgune ofizialean eta Instagram kontuan ikus daitezke.