Asfaltokia Arabako Mendialdeko asfalto naturaleko interpretazio zentroa inauguratu dute ostegunean, urte beteko lanen ostean. Gune berriak asteburu honetan irekiko ditu ateak, aldundiak zein Jaurlaritzak iragarri dutenez. Asteburuetan irekita egongo da, larunbatetan 10:00etatik 18:00etara, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:30era
"Eskualdeko natura eta industria ondarearen erreferentziazko gune gisa" izango dela dio Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak. Harekin batera egon dira inaugurazioan Javier Hurtado Turismo sailburua, Arraia-Maeztuko alkatea, Arabako Mendialdeko Kuadrillako lehendakaria eta Atauriko Administrazio Batzarreko ordezkari bat.
Diputatu nagusiaren arabera Asfaltokiak "Arabako Mendialdeko paisaia eta historia modelatu eta Luzia meategian eta Asfaltoen Ibilbidean garatutako jarduerak osatzen dituen ondare berezia interpretatu eta zabaltzen du".
Hurtadok, berriz, gogora ekarri du Europako Funtsak EAEri 105 milioi eman dizkiola turismorako, eta interpretazio zentroa "gure udalerri eta eskualdeek sustatzen dituzten 34 proiektu eta ehunka jardueren lagin bat" dela. Proiektu honen kasuan, 2,1 milioi euro inbertitu dira guztira.
Duela ehun urte eraiki zen espazioaren beheko solairua bisitariei harrera egiteko erabiliko da, eta errealitate birtualeko gune bat du. Lehen solairuak eduki teknikoak biltzen ditu, eta, besteak beste, informazioa ematen du meatze paisaien geologiari, asfaltoaren erabilerei, inguruko fabrikei buruz. Azken gunea Alejandro Mendizabal ingeniariari eskainita dago; bertan azaltzen dutenez, bera izan zen Vasco-Navarro trenbidearen ibilbideko Old English estiloko eraikinen arduraduna