Katamotz iberiar bat antzeman dute abenduan Kanpezun

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 20a

Katamotz iberiar baten irudia, Espainian. Argazkia: DIEGO DELSO/WIKIMEDIA

Kanpezuko abeltzain batek jarritako argazki-tranpa bidezko kamera batek hartu zuen katamotzaren irudia. Lepoko irrati transmisorea zuen animaliak.

Katamotz iberiar bat (Lynx pardinus) antzeman dute argazki-tranpa bidezko kameren bidez Kanpezun. Aurkikuntza 2025eko abenduan gertatu zen, baina xehetasunak orain zabaldu dituzte.

Kanpezuko abeltzain batek argazki-tranpa kamera bat jarri zuen bere lursailean, bertatik igarotzen ziren animaliak erregistratzeko. 2025eko abenduan, katamotz iberiar baten irudi bat hartu zuen. Segundo gutxi batzuetako bideoan katamotz iberiarra oinez pasatzen ikus daiteke.

Lepoko irrati-transmisore zeraman katamotzak; beraz, baliteke berriro sartutako ale bat izatea eta Iberiar Penintsulako hegoaldetik datorrena. Izan ere, espeziea suspertzen ari dira eta dagoeneko 2.663 aletik gora daude Andaluzian, Gaztela-Mantxan, Extremaduran eta Portugalen.

Azken mendean Euskal Herrian katamotzaren presentzia zientifikoki baieztatzea ez da posible izan, nahiz eta animaliaren inguruko testigantzak jaso diren. Arantzadi zientzia elkarteak jaso duenez, orain arte bildutako datu guztiek iradokitzen dute Euskal Herrian bizi izan zen katamotz espeziea ipar-katamotza (Lynx lynx) izan zela. Gaur egun Europako Erdialdean eta Iparraldean bizi dena.

Pantera eta tigrea

Izan ere, XVII. eta XIX. mendeen artean Gorbeia aldean katamotzak ikustea ez zen batere ezohikoa. Agirietako aipurik zaharrena 1762koa da eta ordutik 1777ra arte inguru horretan bost tigre hil zituzten, idatziak aintzat hartuz gero. Gorbeia aldean egindako azken harrapaketa dokumentatuak 1801ean (Baranbion) eta 1803an (Urkabustaizen) izan ziren.

Eta 1837ko aipu batzuen arabera, Villanañeko herritar batek pantera ehizatu zuen Gaubea aldeko mendietan. Nafarroan azkena Alaitz inguruan ehizatu zuten 1936an. Harrez gero, ez da katamotzaren arrastorik frogatu gure mendietan.

Katamotz iberiarra tamaina ertaineko katu itxurako animalia da. Egunean 25 kilometro baino gehiago egiteko gai dira, eta 1.000 kilometrotik gorako bidaiak egiten dituzte euren lurren bila. Bere dieta %90ean untxiaren menpe dago, baina untxi gutxi dagoenean moldatzeko gaitasun handia erakusten dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago