ainara elorza, mendialdea IPI

"Hezkuntza sailak ez du kontuan hartzen landa eremuko ikasleen errealitatea"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 2a

Ainara Elorza, Kanpezuko ikastetxe publikoko gurasoen elkarteko beste ama batzuekin. A.E.

Dibertsitateari arreta emateko baliabideak exijitu dituzte Kanpezuko Mendialdea eskolako amek, herrietan ikasi ahal izateko.

DBHko hirugarren mailara iristen direnean Gasteizera mugitu behar dira Kanpezuko Mendialdea ikastetxe publikoko hezkuntza premia berezia duten ikasleak. Landa eremuan dibertsitateari behar bezalako arretarik ez zaiola ematen salatu du gurasoen elkarteak. Foru gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik jaso duten erantzuna etsigarria izan dela azaldu dio elkarteko Ainara Elorzak ALEAri. "Entzuteko jarrera ere ez dugu ikusi", esan du.

Zer arazo dituzue Mendialdea ikastetxe publikoan premia espezifikoak dituzten ikasleen arretarekin?

DBHko bigarren mailara arte hezkuntza premia espezifikoak dituzten ikasleen egokitzapenak egiten laguntzeko irakasle espezialistak daude ikasgeletan, baina DBHko hirugarren mailatik aurrera laguntza hori desagertu egiten da ikasle gutxi ditugulako. Mendialdean laguntza irakaslea kentzen digutenean kilometroetako itzulinguruan dagoen espezialista bakarra kentzen digute. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak esaten du gure seme-alabek laguntza horiek behar badituzte bi aukera dituztela: dibertsifikazio gelak edo oinarrizko lanbide heziketa. Zer gertatzen da? Ikasgela horiek irekitzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak ratio batzuk eskatzen dituela ikasturte bakoitzeko, eta ez du kontuan hartzen landa eremuko ikastetxeen errealitatea.

Beraz, aukera bakarra herritik kanpora joatea da?

Batez ere hirietatik urrunen gauden eremuetan, Arabako Mendialdean kasu, arazo demografikoak ditugu, eta zaila da Hezkuntza sailak eskatzen dituen ratio horiek betetzea. Orduan, zein da ematen diguten aukera? Gasteizera joan behar izatea. Horrek joan-etorrien arazoak ekartzen ditu, ikasle horiek etxetik kanpo hamaika ordu egon behar dutelako, lineako autobus bat hartu behar dute, eskolakoa ez dena, goizeko sei eta erdiak aldera, eta etxera arratsaldeko lau eta erdietan iritsi. Ulertzen dugu mundu guztiarentzat arazo bat dela bere ikastetxetik ateratzea, baina landa eremuetako jendearentzat askoz arazo handiagoa da. Izan ere, landa eremu batzuetara ez da iristen lineako autobusa. Hemen, gainera, hitzarmen bat daukagu Nafarroako hainbat herrirekin, eta jende horrek ez du Kanpezura hurbiltzen duen landa taxirako sarbiderik ere. Izan ere, familia batzuek Gasteiza joan behar izan dute bizitzera, lantokiz aldatzea eskatu behar izan dute, eta denek joan behar izan dute, ezinezkoa baitzen seme-alabak Kanpezuko autobusera heltzea Gasteizko institutura iritsi ahal izateko.

"Hezkuntzarentzat gurea tontakeria bat da, gure egoeran oso ikastetxe gutxi daudelako" 

Zenbat familiari eragiten dio arazoak?

Ikasturte honetan Kanpezuko ikastetxean 189 ikasle inguru gaude, eta 30 ikaslek laguntza premia espezifikoak dituzte, alegia ikasleen %16k.

Zuen ustez, zeintzuk dira Hezkuntza sailak har ditzakeen neurriak?

Guk eskatzen dugu hiriburuetatik edo herrigune handienetatik urrunen bizi diren ikasle horiei erreferentziazko ikastetxean eman diezaietela arreta. Ezin dira dibertsifikazio curricularraren gelak ireki ikasle kopurua oso txikia delako? Bada, irakasle terapeutikoak ikasgelan egon daitezela, DBHko bigarren mailara arte egiten ari diren bezalaxe; edo, administrazioarentzat errazagoa bada, beste ikastetxe batetik 20 kilometro baino gehiagora dauden ikastetxeei curriculum aniztasuna eta oinarrizko lanbide heziketa eskaintzeko aukera ematea. Baina erabat itxita daude. Kalkulagailua eskuan dutela egin dute planifikazioa.

Zer pauso eman dituzue orain arte arazoa konpontze aldera?

Arazoa jasanezina zela ikusi genuenean hasi ginen borrokatzen familiak, eta 2025eko otsailean kexak jartzen hasi ginen Hezkuntzan. Halaber, udalek eta Arabako Mendialdeko kuadrillak mozioak onartu zituzten Hezkuntza sailari eskatzen, mesedez, ikasle horiei arreta emateko, erreferentziazko ikastetxetik irten gabe. Gero, 2025eko azaroaren 13an, Arabako Batzar Nagusietan agerraldia egin genuen. Horren harira, EH Bilduk, Elkarrekin Arabak eta Alderdi Popularrak mozio bat sinatu zuten, Hezkuntza Sailari berriz ere eskatuz Kanpezutik irten behar izan gabe ikasleen beharrei erantzuteko, eta Lurralde Orekako diputatuaren bitartekaritza ere eskatu zuten. Mozioa onartu den arren, badirudi bertan behera geratu dela, Lurralde Orekako diputatua desagertuta omen dagoelako.

"Guk hezkuntzaren berariazko premiak dituzten ikasleekin dagoen arazoaz hitz egin nahi dugu"

Eusko Legebiltzarrean ere agerraldia egin duzue. Zer erantzun jaso duzue?

Eusko Legebiltzarrean gobernuaren erantzuna izan da: "Hemen dago legea, eta hau da dagoena". Egungo dekretuari heltzen diote eta kito. Guk bagenekien egiten ari direna ez dela legez kanpokoa, baina hara joan ginen uste dugulako ihes egiten ari dien errealitate bat dagoela, errealitate horri kasu egin behar diotela, herrigune handienetatik urrun bizi diren ikasle horiei guztiei arazoa dakarkiela haiek eskaintzen duten ereduak, eta aldaketaren bat edo salbuespenen bat egin beharko dutela landa mundurako.

Itxaropenik eman dizuete hurrengo ikasturteari begira?

Bat ere ez. EAJ eta PSE itxita daude. Bestalde, ez genuen entzuteko inolako prestasunik ikusi. Dekretuari heltzen diote, eta, gainera, esan dute irakasle bakoitzeko oso ikasle gutxi daudela. Noski, badakigu hori, baina gu ez ginen horretaz hitz egitera joan, guk hezkuntzaren berariazko premiak dituzten ikasleekin dagoen arazoaz hitz egin genuen. Eta haiek diote irakasle bakoitzeko hain ikasle gutxi egonda ulertzen dutela arazo hori konponduta dagoela. Penaz irten ginen Eusko Legebiltzarretik, pentsatzen duzulako: "ni hona natorkizu arazo bat kontatzera, eta logikoena da pixka bat ikertzea gaia nola dagoen, eta neurriren bat jartzea hori konpondu ahal izateko". Baina Hezkuntza sailarentzat gurea tontakeria bat da, aurrekontu mailan gu bizitzen ari garen egoeran oso ikastetxe gutxi daudelako.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago