Aldundiak Bernedoko udalekuak debekatu ditu eta Sarrea elkartea zigortu

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 5a

Hiru urterako debekatu du aldundiak Bernedon udalekuak antolatzea. Argazkia: Euskal Udalekuak.

9.000 euroko isuna eta hiru urteko debekua adingabeentzako jarduerak antolatzeko, udalekuen berri ez emateagatik eta informazioa ez helarazteagatik. Dorrekoa kultur elkarteak antolatu nahi zituen udalekuak aurten, baina bertan behera utzi du aldundiak, lege iruzurra egotzita.

Arabako Foru Aldundiak Bernedoko udalekuak debekatzea erabaki du, eta Sarrea Euskal Udalekua elkartea zigortu du. Udalekuen berri ez emateagatik eta informazioa ez helarazteagatik egotzitako bi arau-hauste administratibo larri direla medio, 9.000 euroko isuna ezarri dio Sarreari, eta hiru urteko inhabilitazioa bai adingabeentzako jarduerak antolatzeko, bai diru laguntzak jasotzeko ere. 21 familiak jarri dituzte salaketa penalak, adingabeei egindako ustezko sexu abusuen inguruan, eta aurrera diraute prozesu judizialek.

Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak azaldu du espedientea irmoa dela eta aldundiak zorrotz bete dituela legeak ezarritako epeak. Bere esanetan, zigorrak "beharrezkoak eta proportzionalak" dira, Sarreak behin eta berriz ez diolako komunikatzea jarduera administrazioari. Gainera, adierazi du ez dela udalekurik izango uda honetan, eta Foru Gazteriaren Erakundeak ez duela baimenik emango uztailaren 1etik 15era egitekoak ziren udalekuetarako.

Ez Sarreak, ez Dorrekoak

Aldundiak Dorrekoa kultur elkarteak aurkeztutako proposamena ere baliogabetu du, ondorioztatuta elkartea ez dela hirugarren independente bat. Del Valen arabera, Dorrekoa eta Sarrea elkarteek antolaketa eta komunikazio sare bera partekatzen dute, eta, beraz, Dorrekoaren eskaera "lege iruzurra egiteko saiakera" da, Sarrearen inhabilitazioa saihesteko. Horregatik, aurkeztutako komunikazioa ez da balekoa, eta jarduera ezingo da inolaz ere gauzatu, diputatuaren esanetan.

Aldundiak ere ohartarazi du Dorrekoa edo Sarrea udalekuak antolatzen saiatuko balira, erantzukizun zuzenak izango lituzketela eta itxiera edo desalojo neurriak ezar litezkeela. Euskal Udalekuak sareak, bere aldetik, sare sozialetan adierazi du kezkatuta eta minduta dagoela, eta defendatu du legezko baldintza guztiak bete dituztela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago