Euskal Udalekuek baieztatu dute aurrera doazela Bernedoko udalekuak

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 4a

Bernedoko Euskal Udalekuetako irudia. Argazkia: Euskal Udalekuak.

Euskal Udalekuetako beste elkarte batzuk arduratuko dira antolaketaz, aldundiak Sarrea elkartea zigortu ostean. Lasaitasun mezua zabaldu diete izena emandako familiei.

Bernedoko udalekuak egingo direla berretsi du Euskal Udalekuen elkarteak. Atzo argitaratu zuen El Correo egunkariak albiste batean Arabako Foru Aldundiak udalekuak debekatuko dituela. Ostiralean emango ditu azalpen zehatzak Ana del Val Kultura diputatuak, baina Euskal Udalekuetatik argitu dute udalekuak normal egingo direla, eta lasaitasun mezua helarazi nahi izan diete udalekuetan izena eman duten ia 200 haur eta neraberen familiei.

Aldundiak zigor administratibo bat ezarri dio Sarrea elkarteari, orain arte Bernedoko egitasmoaren antolatzaile izan denari, elkarteak ez ziolako administrazioari udalekuen jarduera jakinarazi, eta horren ondorioz abiatu zen prozedura. Zigorra ezarri ostean, Sarreak ezingo ditu udalekuak antolatu, baina Euskal Udalekuen barruko beste erakunde batzuek hartuko dute ardura, eta jakinarazi dute dokumentazio guztia dagoeneko bidalita dagoela. Hala ere, Euskal Udalekuek iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela, zigorra "neurrigabea" dela iritzita.

Dutxa mistoak abiapuntu

Iazko udazkenean piztu zen polemika, dutxa mistoen inguruko salaketengatik. Guraso batzuek adierazi zuten haurrak dutxa partekatuak egitera "behartu" zituztela eta begiraleak ere bertan sartzen zirela. Hezitzaileek, ordea, ukatu egin zuten inor biluztera behartu izana, eta azaldu zuten gai horiek espreski lantzen zituztela udalekuetan. Gutxienez hamazazpi salaketa jarri dituzte gurasoek, sexu askatasunaren aurkako delituak egotzita, baina oraindik ez dira auziak ebatzi.

Bernedoko gaiak piztuta, EAEko Gazteria Legea aldatzeko premiazko prozedura abiatu dute Eusko Legebiltzarrean. Aisialdiarekin lotutako jardueren gaineko kontrol eta babes handiagoa ezartzea izango dute helburu, eta elkarte antolatzaileen betebeharrak eta zigorrak gogortzea aurreikusi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago