Kanpezu-Ioar Mendi Maratoi Erdiaren zortzigarren edizioa hartuko du igande honetan Santikurutze Kanpezuk. Orotara, 400 lagunek parte hartuko dute mendi proban, salgai zeuden dortsal guztiak dagoeneko saldu direla azaldu baitu ohar batean kirol proba antolatzen duen Ioar Kirol Elkarteak.
Egunak bi ekitaldi nagusi izango ditu: batetik, proba nagusiak —maratoi erdia bera— 26 kilometro baino gehiagoko ibilbidea izango du, 1.930 metroko desnibel positiboarekin. Baina, horrez gain, lasterketa labur bat ere egingo dute. Honek 13,5 kilometroko luzera izango du, eta 750 metroko desnibela. Ohi bezala, kategoria guztiek emakumezko eta gizonezkoen modalitateak izango dituzte, eta bi probak Euskal Herriko Koparako eta Arabako Txapelketarako puntuagarria izango dira.
Kodes mendilerroko tontor nagusi Ioar mendia EAEko bederatzigarren tontorrik garaiena dela gogora ekarri dute antolatzaileek, eta aurreratu dute parte hartzaileek mendilerro horretatik "ikuspegi berezia" izango dutela, edozein aldera begiratzen dutela ere. Araba, Nafarroa eta Errioxako lur zabalak hartuz.
Proba nagusia goizeko bederatzietan aterako da Samuel Picaza plazatik, eta korrikalariak puntu berara itzuliko dira, behin 26 kilometroko ibilbidea eginda. Ordubete geroago aterako da lasterketa laburra. Ehun boluntario inguruk ziurtatuko dute dena ondo ateratzen dela, eta parte hartzaileek Mendialdeko ekoizleen hainbat produktu jasoko dituzte. Oroitarazi dute lasterketa "edertasun natura handiko lurraldeetan" egingo dela, eta paperontziak paratu dituztela. Zerbait bota behar denean horiek ez erabiltzea deskalifikatzeko motiboa izango dela aurreratu dute.