Arabako Mendialdeko Kuadrillako bide berdearen interpretazio zentroa eta eskualdeko turismo bulegoaren buru izan da Natouring tokiko enpresa azken hamar urteetan, apirilaren 30era arte. Egun horretan agur esan zioten proiektuari eta giltzak utzi zituzten: "Natouring-ek Trenicon egin duen bidaia bere azken geltokira iritsi da. Hamar urteko dedikazio zoragarria izan da. Iñakiren oroitzapenarekin goaz, baina gure lurraldearen alde eta bere historia eta ondarearen kontserbazioarekin lan egin izanaren harrotasunarekin ", idatzi zuen taldeak.
Beraz, apirilaren 30etik itxita dago Antoñanako Trenico zaharraren interpretazio zentroa eta turismo bulegoa, kartel batean ohartarazi dutenez.

Taberna sartu dute
Oskar Anzuola kazetari eta Natouring, Turismo, Komunikazioa eta Ingurumena enpresako kideak ALEAri azaldu dionez, Arabako Mendialdeko Kuadrillak lizitazioaren baldintzetan Trenico tabernaren kudeaketa sartu izanak eragin du hamarkadako lana uztea. Izan ere, taberna bat ireki nahi du kuadrillak, eta zerbitzua lizitatzeko orduan dena batera sartu dute, turismo bulegoa, bide berdearen informazio zentroaren kudeaketa eta taberna. "Tabernak ez du gure jarduerarekin bat egiten", aitortu du Anzuolak.
Gainera, 2025ean zendu zen Iñaki Martinez Navarro taldeko kidea eta oraindik ezin izan dute utzitako hutsunea bete. "Iñaki ez dagoenetik nahikotxo konplikatu da gure jarduera, eta taberna baten kudeaketari ezin diogu aurre egin, ez zaigu interesatzen hori hartzea", esan du kazetariak.
Bitartean, lehen lizitazioan eskaintza bakar bat aurkeztu da baina ez ditu baldintzak bete eta esleitu gabe geratu da kontratua. Bigarren lizitazioa apirilaren 29an argitaratu du Mendialdeko Kuadrilak, eta bitartean itxita dago Antoñanako Trenico.
Trenicoren bulegoaren arduraz aparte, Natouringek Arabako Mendialdean bisita gidatuak, hezkuntza proiektuak eta ingurumenari lotutako turismo esperientziak eskaintzen ditu. Halaber, proiektuaren barruan dago ere Mendialdea Press aldizkaria, aurki zenbaki berria kaleratuko duena.