Bernedoko gaztelurako irisgarritasuna erraztuko dute

Juanma Gallego 2026ko martxoaren 26a

Lan arkeologikoak osatzeaz gain, egiturak finkatuko dituzte. Argazkia: OSCAR REINARES / AFA

Arquires enpresaren esku egongo dira aldundiak prestatu dituen zaharberritze lanak. Egiturak finkatzeaz gain, eskailera bat paratuko dute.

Bernedoko gaztelurako sarbidea irisgarriagoa egingo dute aldundiak aurki abiatuko dituen lanek. Izan ere, astearte honetan ebatzi du Kultura foru Sailak gaztelua birgaitzeko lizitazioa Arquires enpresari ematea. Madrilen egoitza duen baina Araban hainbat lan egin dituen enpresak —kasurako, Katedral zaharraren kupula berria— aurkeztu diren bi proposamenen artean merkeena eman du, BEZik gabe 63.404 euroan. 

Arma patioan eta gotorlekuaren dorrean egingo den lehen birgaitze integrala izango da hau, eta 2024ko proiektu parte hartzaileei esker izandako lehen esku hartzeei segida emango diote lan hauek. Francisco Javier Ajamil arkeologoak azken urteetan gidatutako ikerketa arkeologikoek, gazteluaren patioan nekropoli bat azaleratu dute, tokiaren garrantzi zientifikoa handituz.

Lanek aukera emango dute egun geratzen diren egiturak finkatzeko, bai eta sarbidea errazteko ere. Besteak beste, Oscar Reinares Fernandez arkitektoak idatzi duen memoriaren arabera, lurzorua eta hormak garbituko dituzte, patioko nekropoliaren indusketa arkeologikoarekin jarraituko dute, barbakanaren jatorriko kota berreskuratzen ahaleginduko dira, dorrea sendotuko dute eta sartzeko eskailera berri bat paratuko dute.

Bernedoko gaztelua 1121-1123an aipatzen da lehen aldiz, Aragoiko eta Nafarroako errege Alfontso Borrokalariak Marañón herriari eman zion foruan. Nafarroako Erresumaren mugako defentsa sistemaren zati izan zen. XVI. mendearen amaieran utzi zen erabiltzen modu jarraituan, baina, kasurako, Independentzia Gerran ere erabili izan zela uste da. Azken hamarkadetan, ordea, erabat utzita egon da, harik eta azken urteotako zaharberritze lanei ekin dieten arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago